POLITIKA

Uriartek ukatu egin du Ahal Dugu zatituta dagoela

EAEko Ahal Dugu-ren idazkari nagusiak espero du laster konponduko dituztela Juantxo Uralderen hautagaitzaren gainean sortu ziren desadostasunak. Uraldek lasaitasuna eskatu du, eta etsaia kanpoan dagoela azpimarratu du.

Equoko Juantxo Lopez Uralde eta Ahal Dugu-ko Roberto Uriarte, aurreko agerraldi batean. MIGUEL TOñA, EFE
Ainhoa Oiartzabal-Gotzon Hermosilla
2015eko azaroaren 4a
08:25
Entzun

Roberto Uriarte EAEko Ahal Dugu-ren idazkari nagusiak garrantzia kendu die azken orduotan bere alderdiari buruz komunikabideetan agertu diren berriei. Madrilgo zuzendaritzarekin dituzten desadostasunak "txikiak" direla esan du, baina aitortu du bat baino gehiago dituztela. Atzo prentsaurrekoa hastear zegoela agerraldia bertan behera utzi ostean, Euskadi Irratian hitz egin du goizean.

Azken orduetan Juantxo Lopez Uralde Arabako zerrendaburu izendatzeak ekarri du eztabaida. EAEko Ahal Dugu-ren zuzendaritzak Bizkaiko bigarren posturako nahi zuen Uralde, ez Arabako zerrendaburu izateko. "Gure ustez Bizkaiko zerrenda indartu behar baitzen, nahikoa ziurra baita Araban diputatu bat aterako dugula", esan du Uriartek. Podemosek, ordea, hautagaiak aukeratzeko molde bakarra ezarri du Espainiako Estatu osoan. Espainiako Podemosek eta Equok akordio bat lortu dute hauteskundeetara elkarrekin aurkezteko, eta bi erakundeek argitaratutako prentsa oharretan jakinarazi zuten Equoko eledun Juantxo Lopez Uralde Arabako zerrendaburu izango zela.

Desadostasun "txiki" hori, baina, gaindituko dutela eta datozen egunetan adostasun batera helduko direla adierazi du EAEko Ahal Dugu-ren idazkari nagusiak. "Gure helburua Pablo Iglesias Espainiako presidente izateko ahalik eta boto gehien lortzea izan behar du".

Uralde berak Onda Vasca irratian egin dioten beste elkarrizketa batean esan du "lasaitasun eta ziurtasun osoz" esan daitekeela bera dela Arabako zerrendaburua. Hala ere, ez du baztertu beste postu bat betetzea. Lasaitasuna eskatu die alderdikideei, eta etsaia kanpoan dagoela azpimarratu du.

Kritikoei eginiko kritikari errespetua

Madrilekiko "sintonia falta" bake eta normalizazioaren alorrean egon daitekeela esan du Uriartek, gehiago zehaztu gabe. Kontzertu ekonomikoari buruz, alta, ados daudela esan du: "Podemosek ez du aldatuko kontzertua". Hala ere, gai horietan, tokiko zuzendaritzaren diskurtsoa errespetatu behar dela iritzi dio.

Ildo ofizialarekin bat datozen 90 hautetsi eta kidek sinatu duten agiriari buruz galdetuta, "errespetua" merezi duela esan du. Agiri horretan kritikoei "zuzenketa" egitea eskatzen zitzaien, besteak beste Otegiren aldeko martxara joan eta zenbait udaletan EH Bildurekin ustelkeriaren kontrako mozio bat sinatzeagatik.

Bai Euskal Herrian bai Katalunian zubiak eraiki behar direla uste du Uriartek. Hala, "kontsulta adostu eta legal" baten alde egin du. Gogorarazi du beren proiektua Espainia mailakoa dela: "Guztiok gustura egoteko etxe komun bat da gure estatu proiektua".


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.