Uribe Kosta-Butroe biotopo babestu izendatzeko eskatu diote Jaurlaritzari

Ekologistek egin dute eskaria, inguruneak dituen natur balio handiak arriskuan ikusten dituztelako

Erredakzioa
Bilbo
2010eko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Bilbo handia horren gertu izateak eragiten duen presio demografikoaren ondorioz natur balio handia duten Uribe Kosta eta Butroeko itsasertza «arrisku larrian» daudenez, egoera horri aurre egiteko ingurunea babestea proposatu dute hainbat talde ekologistak eta naturalistak. Hala, babesteko modurik egokiena biotopo babestu izendatzea litzatekeela uste dute, eta horretan urratsak egiten hasteko eskatu diete erakundeei, bereziki Eusko Jaurlaritzari.

Eusko Jaurlaritzak ez ezik, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Barrikako, Plentziako, Gorlizko, Lemoizko eta Gatikako udalek ere jaso dute ekologisten eskaria.

Eskaria egin dute Eguzki, Ekologistak Martxan, Espitzu, Lannius, Sagarrak, Talaia, Txipio Bai eta Txirpial elkarteek: «Ekosistema bakartu hauek hauskortasun handikoak dira, eta soilik inguru handiago batean kudeaketa integral batez ziurta dezakegu haiek bizirik irautea», adierazi dute.

Eskualdean dagoen natur bitxi nagusia Butroeko itsasadarra da, ekologisten irudiko. Bertan lotzen dira ibai, lur eta itsas inguruak, ekosistema berezi eta aberatsa sortuz. Bertan espezie asko ugaltzen dira, eta, EAEko Hezeguneen Lurralde Arloko Planaren arabera, Bizkaian Urdaibaik bakarrik du hark natur balio handiagoa.

Bestelako toki «bikain» asko

Butroeko itsasadarra ez ezik, eskualdean balio handiko beste hainbat leku daudela gogorarazi dute ekologistek: Barrikako itsasertzeko txilardiak, Astondo eta Gorliz-Plentziako badia eta hondartzak, Barrika eta Gorlizko duna sistemak, artadi kanturiarrak, harizti azidofiloak...

Naturguneak ez ezik, balio kultural-historikoko lekuak ere badira Uribe Kostan. Esaterako, Kurtzioko aztarnategia. Erdi Aroan ontzigintzaren bidez garrantziberezia izan zuela ohartarazi dute eskaria egin duten elkarteek. Ingurua ikertzeko eta haren aberastasunak babesteko beharra aldarrikatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.