Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eskatuta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko aditu talde batek Bizkaiko Uribe Kosta Butroi zonaldearen ondare natural eta kulturala ikertu du azken hilabeteetan. Azterlan horretan, aditu taldeak aholkatu du ingurua biotopo babestu izendatzeko Natur Baliabideen Kudeaketarako Plana martxan jartzeko. Ekologistak Martxan taldearen esanetan, aberastasun hori ez babestea «herriaren borondateari mespretxu egiteaz gain, prebarikazio delitua» izango litzateke.
Barrika, Plentzia, Gorliz eta Lemoiz udalerriek osatuko lukete biotopo babestu hori. Txostenaren arabera, lau herri horiek balio handiko paisaia, elementu geologikoak, eta animalia eta landare espezie komunitateak dituzte beren lurretan; batez ere, labarretan, dunetan, Butroi ibaiaren estuarioan, paduretan eta barnealdeko belardietan leudeke aberastasun horiek. Horrez gain, eskualdeak kultur ondare garrantzitsua du gordeta; adibidez, inguru horretan duela 60.000 urtetik gizakia bizi izan zela frogatzen duten aztarnak daude.
EHUko ikerlariek, izendapenaren beharraz ohartarazteaz gain, hainbat aholku ere egin dituzte. Kasurako, lehentasunezko babesa duten habitat eta espezieek administrazioen ekimen zuzena behar dutela gogorarazten dute, Europako legeek hala ezarrita. Horren harira, Ekologistak Martxan-ek dio Jaurlaritza «izendapena ahalik eta azkarren bideratzea behartuta» dagoela. «Ez bakarrik Bizkaiko Batzar Nagusietako eta Gorliz, Plentzia eta Lemoizko udaletako alderdi politiko guztiek eskatu diotelako, Europako legediak horretara behartzen duelako baizik».
Eremua zabaltzeko beharra
Unibertsitateko ikertzaileek egindako azterlanak ontzat eman ditu talde ekologisten eskariz etorkizuneko biotopoari ezarri nahi zaizkion mugak. Hala ere, zenbait tokitan babes eremu hori zabaltzeko aholkatu du; adibidez, Butroi ibaiaren sisteman Isuskizatik (Plentzia) Arbinako urtegira arte handitzeko eskatzen du. Izan ere, inguru horretan habitat aproposa dago munduan geratzen diren Apiun graveolens butronensis bakarrak kontserbatzeko. Gainera, inguru horretan desagertzeko arriskuan dauden bisoi europarrak eta Mauremys leprosak —dortoka espezie bat da hori— ere bizilekua daukate.
Txostenaren arabera, talde ekologistek eta eskaera egin duten alderdi politikoek ez diote itsaspeari erreparatu. Horregatik, ikertzaileek arroiletatik gertu ur azpian dagoena aztertu beharko litzatekeela diote, babesteko beharrik baduen edo ez jakiteko. Gizakiaren esku-hartzeari mugak jartzearen beharraz ere hitz egin dute, eta artifizialdutako guneen inguruko lursailentzat aparteko neurriak eskatu.
Uribe Kosta Butroi biotopo izendatzeko aholkatu dute
EHUren txostenari kasurik ez egitea «prebarikazio delitua» litzateke, Ekologistak Martxan-en esanetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu