"Ihes egiteko arriskua" argudiatu du Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak neurria hartzeko. "Aitzakia" baino ez dela uste du defentsak, eta salatu du ez daukala "inongo zentzu juridikorik". Izan ere, instrukzio fasea baino ez da oraindik, eta epaiketan zigortua izatekotan ere, horren baturak ez lioke aldaketarik ekarriko bete beharreko urte kopuruan, 30 urteko gehienezko zigorra duelako. Helegitea jarriko dutela iragarri du Bagliettok, eta beren ustez, aztergai den kasua preskribatua dagoela dagoeneko.
Medikuen probetarako joateko bakarrik atera ahalko da etxetik Uribetxebarria. "Baldintza murriztaile" horiek salatu ditu defentsako abokatuak: "Hasieratik pairatu du jazarpen politiko eta mediatikoa. Helburu politiko eta mediatikoei erantzuten die neurriak, mendekuaren arrazoiari".
Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusiaren arabera, Urrutikoetxeak delitu berriren bat egin izana frogatzen bada, epaitua izan beharko du. "Logikoki, beste delitu batzuen frogak aurkitzen badira, beste edonor bezala pasatu beharko luke Uribetxebarriak epailearen aurretik. Baldintzapeko askatasunean dago pairatzen duen minbiziagatik, baina zintzilik dauden prozesuak baldin baditu, epaitua izan beharko du".
Amaiurren ustez, Uribetxebarria deklaratzera deitzea "injustua" izateaz gain, "giza eskubideen erabateko urraketa da". Are gehiago, presoaren egoera ezagututa, mediku txostenek eta haren "itxura fisikoak" erakusten duten moduan. Hala baieztatu dute Onintza Enbeita eta Xabier Mikel Errekondo diputatuek. Gertaera estatuaren "mendeku" politikaren baitan kokatu dute, eta ohartarazi dute halakoek jarraitzen duten artean ez dela posible izango "bake justua" eraikitzea.
Uribetxebarriak zigorra etxean preso betetzearen erabakiak "hainbat biktima erakunde parasitaturiko eskuin muturreko elementuen mendeku-gosea asetzea baino ez du helburu" Sortu alderdiaren ustez. Erabakiak Uribetxebarriarekiko "muturreko obsesioa" erakusten du, kontuan hartuta zein den presoaren bizi itxaropena. "Badirudi Uribetxebarria beraiek nahi zuten bezain azkar hil ez denez, bere bizitzaren azken egunera arte eraso egingo dutela".
Angeles Pedraza AVT errorismoaren Biktimen Elkarteko presidenteak adierazi du Uribetxebarriak zigorra espetxean betetzea nahi duela, eta ez etxean. "Espainiako kartzeletan badira Uribetxebarriarena baino gaixotasun larriagoak dituzten presoak". Pedrazaren arabera, elkartea aztertzen ari da epailearen erabakiari helegitea jartzea edo ez.
Uribetxebarriarekin tematuta
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak astelehenean Ismael Moreno epaileari deklarazioa hartzeko eskatu zion, eta horrek deitu du deklaratzera. 1986an tiroz hildako Antonio Ramos Martinez guardia zibilaren aurkako atentatuaren sumarioa berriz irekitzea galdegin zion Ismael Moreno epaileari.
Espainiako El Mundo egunkariak argitaratutako informazio batzuen harira egin zuen eskaera fiskalak. Kazeta horren arabera, guardia zibilaren “txosten” batek dio Uribetxebarriak parte hartu zuela atentatu horretan. Guardia zibilek eginiko galdeketetan atxilotu batzuek ustez esandakoetan oinarritzen da txosten hori.
Atzo bertan jarri zuen Uribetxebarriaren aurkako salaketa AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak ere, kasu beragatik. 2012ko irailean baldintzapean aske utzi zutenetik, elkarte hori behin eta berriz aritu da neurri horren aurkako eskaerak egiten, preso ohiaren osasun egoerari buruzko txostenak zalantzan jarri eta berriak egiteko eskatuz. Mediku txostenen arabera, ordea, "larria eta sendaezina" da Uribetxebarriaren osasun egoera. Horixe argudiatu zuen Espetxe Zaintzako epaile Jose Luis Castrok ere baldintzapeko askatasuna onartu zionean, eta hala adierazi dute ondoren egindako azterteketen emaitzek.
2005. urtean atzeman zioten minbizia lehen aldiz preso ohiari, eta ukatu egin zioten orduan baldintzapean aske uzteko eskaera. Ebakuntza egin zioten, baina zazpi urte geroago, 2012ko uztailean, berpiztu egin zitzaion gaitza Mansillako espetxean zutela (Leon, Espainia).
Hilabete luzeren ondoren onartu zion hirugarren gradua Espetxe Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiak, baina irailera arte atzeratu zen aske uzteko erabakia, besteak beste, Fiskaltzaren jarreragatik.