Herrira mugimenduak adierazi du Josu Uribetxebarria preso gaixoa oso larri dagoela. Aurreratu dute medikuek egindako proben emaitzek baieztatu egingo dutela minbiziak jota dagoen presoa "ezin larriago" dagoela. Astelehenean biopsia eta eskaner probak egin zizkioten presoari, eta litekeena da bihar jasotzea emaitzak. Uribetxebarria "hiltzorian" dagoela ikusirik, Herrira-k manifestazioa iragarri du larunbaterako, Josu askatu, hamalauak herrira lelopean. Bilbon izango da, 12:30ean.
Herrira-k azaldu du presoaren egoera "okerrera" doala eta "zailtzen" ari dela. Zortzi kilo galdu omen ditu jada arrasatearrak, eta "oso ahul" omen dago. Uribetxebarria presoak zortzigarren eguna du gaur gose greban. Presoak astearte gauerdian hasi zuen baraualdia ospitaleko ziegan, jasaten ari den "muturreko egoera" salatzeko. Uribetxebarriak minbizia du, metastasiarekin.
Medikuen diagnostikoaren arabera abiatuko da edo ez Uribetxebarria aske uzteko prozedura. Bertan presoaren gaixotasun larri eta sendaezinak haren bizitza arriskuan jartzen duela frogatzen bada, espetxeko mediku batzordeak idatzizko proposamena egin behar du, eta, ondoren, Espainiako Estatuko Espetxe Zuzendaritzak onartu. Azkeneko erabakia Jose Luis Castro Espainiako Auzitegi Nazionaleko espetxe zaintzako epaileak du.
Askapenerako aldarria etxetik eta nazioartetik
Harremanetarako Nazioarteko Taldeak ohar bidez adierazi du Josu Uribetxebarria preso edukitzeko arrazoirik ez dagoela. Izan ere, Brian Currin Hegoafrikako abokatua buru duen taldearen ustez, Uribetxebarria preso gaixoa aske uzteko erabakia giza arrazoietan oinarrituta dagoen heinean, ez arrazoi politikoetan, ez dago baldintzapeko askatasuna ukatzeko zergatirik.
Nazioarteko taldeak azaldu du Espainiako legediaren barnean jasotzen diren Giza Eskubideetako, Europako espetxeetako araudiko eta NATOko xedapenetako oinarriak jarraituz hartu behar direla presoen inguruko erabakiak, horiek direlako egungo egoerari konponbidea emateko gidaliburuak. Currinen taldeak nabarmendu du Espainiako Gobernuak aukera duela orain Euskal Herrian den egoera berriarekiko konpromisoa erakusteko, "pertsona guztien duintasuna errespetatzeko baldintzak sortuz".
Etxean ere hainbat eragile politiko eta sozialek eskatu dute Uribetxebarria askatzeko. Herrira-k deituta gaur Donostiako Ospitale aurrean egin den elkarretaratzean izan dira Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatua, Martin Garitano Giuzkoako ahaldun nagusia eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea. Espainiako Gobernuari "behingoz" legea betetzeko eskatu diote, "urteak daramatzalako espetxeetako legedia apurtzen".
Bertan izan dira, halaber, Patxi Zabaleta Aralarren koordinatzaile nagusia, Tasio Erkizia ezker abertzaleko kidea, Alberto Unamunzaga Amaiurreko senataria eta Donostiako Udaleko hainbat zinegotzi. "Uribetxebarriak aske behar luke, legeak hala esaten duelako eta gizarteak hala nahi duelako", adierazi du Errekondok. Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaia bihar izango da Donostiako Ospitalean.
Herrira-k jakinarazi du Euskal Herriko Kristau Elkarte Herritarrek, Herria 200 Eliza eta Euskal Herriko Apaiz Koordinakundeak baraualdia egingo dutela bihar Artzain Ona katedralaren aurrean, Uribetxebarriari elkartasuna agertzeko.
Etxerat elkarteak eman dituen azken datuen arabera, Espainiako eta Frantizako estatuetako 60 espetxetan banatutako 515 preso politiko inguru borrokaldian ari dira arrasatearraren askatasunaren alde.