Donostia Ospitaleak gaur arratsaldean eman dio etxera joateko agiria Iosu Uribetxebarria euskal presoari. Ospitaletik atera da 19:00 inguru zirela, senideak eta Herrira mugimenduko kideak ondoan zituela. EFE albiste agentziaren arabera, 48 kilo baino ez dauzka eta "oso ahul" dago. Senideei helduta irten da ospitaletik, eta Arrasaterako bidea hartu du, autoz.
Uztailean ospitaleratu zuten Uribetxebarria, Leonen, Espainian. Donostia Ospitalera abuztuaren 1ean ekarri zuten, gaixotasuna tratatzeko. Gose greba luzea egin zuen han, aske uzteko eskatuz. Azkenean, abuztuaren 17an ezarri zion hirugarren gradua Espainiako Espetxe Zuzendaritzak. Auzitegi Nazionalak irailaren 19an aitortu zion baldintzapeko askatasuna. Jose Luis Castro epaileak ospitalean bisitatu ere egin zuen, erabakia hartu aurretik.
Aske uzteko zenbait baldintza jarri zizkion epaileak: biktimen etxe edo lantokietara ez gerturatzea, bortizkeria goratzeko ekintza publikoetan parte ez hartzea, ezta halakoekin loturarik izan dezaketen adierazpenak egitea ere. Tratamenduan aldaketarik egiten badu edo Arrasatetik irten nahi badu, baimena eskatu beharko dio epaileari.