POLITIKA

Uribetxebarriak gose greba utzi du, medikuaren aginduz

"Erabat ahul" dago Uribetxebarria, Herrira mugimenduak dioenez, eta horregatik utzi du gose greba, "bizitza lehenesteko". Medikuek protesta eteteko agindu diote, goizean komunean erori ostean. Herrira-ren esanetan, "euskal gizarteak du lekukoa orain". Preso gaixoak hilaren 8an ekin zion gose grebari, Donostiako Ospitaleko ziegan, bere egoera "muturrekoa" dela salatzeko. 

2012ko abuztuaren 22a
16:54
Entzun

Josu Uribetxebarriak gose greba utzi duela jakinarazi du gaur Herrira mugimenduak, hiru asteko protestaren ostean utzi ere. "Erabat ahul" dago Uribetxebarria, Herrira-k dioenez, eta horregatik utzi du gose greba, "bizitza lehenesteko". Medikuek gose greba eteteko agindu diote presoari goizean, komunean erori ostean. 

Bitartean, Donostiako Ospitaleko eguneroko elkarretaratzeek aurrera segitzen dute, eta ospitale aurrean gose greban dauden 12 lagunek —haietako batzuek 13 egun daramatzate baraurik— protestan jarraitzeko asmoa erakutsi dute Uribetxebarria aske uzten duten arte.

Herrira-k adierazi duenez, "euskal gizarteak du lekukoa orain". Ezker abertzaleak ere deialdia egin dio gizarteari, Uribetxebarria eta gaixorik larri dauden gainontzeko hamahiru euskal presoak askatzeko bidean "ahaleginak eta bi egiteko". "Herritarren eskuetan dago lekukoa eta herritarren mobilizazioaz lortuko dugu mendekuan oinarrituriko espetxe politika gainditzea", adierazi du Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko kideak.

Gaixo dagoen presoak abuztuaren 8an ekin zion gose grebari, Donostiako Ospitaleko ziegan, bere "muturreko" egoera salatzeko. Preso arrasatearrak minbizia du, metastasiarekin, eta larri dago, atzera bueltarik gabe. 

Astelehenean ezagutu zen hamar egunez atzeratu daitekeela presoa askatzearen inguruko Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakia, Fiskaltzak ez duelako balezkotzat eman Donostiako Ospitaleak bidalitako txostena.  Iragan ostiralean, Espetxeetako Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiak Uribetxebarriari hirugarren gradua eman zion, baina Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak du azkeneko hitza, baldintzapean aske uztea edo ez. Ismael Moreno epailea arduratuko da horretaz, berezko epailea (Jose Luis Castro) oporretan dagoelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.