euskal presoak

Uribetxebarriaren abokatuak dio "legez kanpokoa" dela epaia "beherala" ez aplikatzea

Atzo baldintzapeko askatasuna eman zion Auzitegi Nazionaleko epaileak preso gaixoari, baina, erabakia irmoa izan arte, preso jarraituko du. Fiskaltzak ostegunera arte du epea helegitea jartzeko; jartzen badu, Auzitegi Nazionaleko Zigor Salak izango du azken hitza. Uribetxebarriak "duintasunez hiltzeko eskubidea" duela argudiatu du Castro epaileak. Bideoa: Erabakia Donostiako Ospitalaren atarian jakin deneko unea.

2012ko abuztuaren 31
18:53
Entzun

Arantza Aparicio Josu Uribetxebarriaren abokatuak adierazi du epaia irmoa izan arte preso gaxoari baldintzapeko askatasuna ez aplikatzeko erabakia "legez kanpokoa" dela; hala, Espetxe Zaintzako Epaitegiari Auzitegi Nazionaleko epailearen ebazpena berehala aplikatzeko eskatu dio defentsak. 

Epaitegi horretan ohar bat sartu dutela azaldu du preso gaixoaren abokatuak; hura behereala libre uzteko eskatzeko. Haren esanetan, helegiteak jartzeko epea igaro arte ez askatasuna ez aplikatzeko erabakian bere eskumenak gainditzen ditu epaileak. Gainera Donostiako Zaintza Epaitegian Habeas corpus-a eskatzeko prozedura hasi dutela esan du Apariciok; "Urribetxebarria legez kanpo atxikita daukatelako". 

Donostiako Ospitale aurrean egindako elkarretaratzean hitz egin du Apariciok. Atzo gauean Uribetxebarria baldintzapean aske uztea erabaki zuen Jose Luis Castro Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Hala ere, ez da aske aterako gutxienez bost lanegun pasatu arte, helegiterako aukera dagoelako —datorren osteguna—, eta epaia irmoa izan arte ez dutelako askatuko. Libre uzten dutenean ere, baldintza zorrotzak bete beharko ditu. 

Ostegunera arte preso, gutxienez

Castrok hartutako erabakiaren kontrako helegitea jartzeko aukera dute orain aldeek, eta jartzen badute, Zigor Salak hartuko du behin betiko erabakia —Aurreneko Aretoko bost epailek deliberatuko dute, Fernando Grande-Marlaska buru dutela—. Jartzen ez badute, epaia irmoa izango da, eta jartzen badute gehiago luzatuko da behin betiko erabakia hartzeko epea. Fiskaltza Uribetxebarria libre uztearen kontra azaldu da aste honetan.

Epaileak "arrazoi humanitarioak" argudiatu ditu Arrasateko presoa libre uzteko, "pertsonen duintasuna" mantendu behar dela eta baita "duintasunez hiltzeko eskubidea" ere. Hala ere, aske ateratzeko baldintzak jarri dizkio: ezingo du biktimen eta haien familien etxebizitzetara gerturatu, "indarkeria goratzen den edo zilegitasuna ematen zaion manifestazioetan modu aktibo edo pasiboan" parte hartzea debekatu dio, eta baita "zentzu horretako" adierazpenak egitea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.