Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidente eta lehendakarigaiak adierazi du Josu Uribetxebarriaren kasua "ikuskizun" bilakatzeko arriskua dagoela. Medikuen diagnostikoa ezagutzean Espainiako Gobernuak "ikuskizuna bukatzeko" neurriak hartzea espero du Urkulluk. Erabaki hori ondorengo orduetan iristea nahi du EAJko buruak.
Urkulluk adierazi du gizarteko sektore batentzat "ulertezina" dela zenbait presok —tartean Arnaldo Otegik— Uribetxebarriarekin bat eginez gose greba hastea, beste sektore batentzat presoari askatasuna ez ematea "ulertezina" den bezalaxe. Normalizazio politikorako bidean, baina, adierazi du kasua ezin dela bi aldeen arteko tirabira bihurtu, eta esan du eztabaida ez dela "bakoitzak zer iritzi duen". "Gauza da lege bat dagoela eta legea bete egin behar dela euskal preso guztiei dagokienez".
Halaber, espetxe politika ezberdin bat eskatu izan dutela, orain ere eskatzen dutela eta hala eskatuko dutela nabarmendu du Urkulluk, "gaixotasun larriak dituzten presoei dagozkien onurak aplikatzen dizkien politika bat".