Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko zigor salako presidenteak Angeles Pedraza AVTko buruari esan dio ulertzen duela ETAren biktimak "minduta" egotea auzitegiak Josu Uribetxebarria euskal presoa libre utzi duelako, baina erantsi dio epaileek legea bete dutela, presoak gaixotasun sendaezina baitu. Hala esan du, behintzat, Pedrazak kazetarien aurrean.
Madrilen une batez bildu dira Pedraza eta Grande-Marlaska, baita Alfonso Guevara zigor salako lehen ataleko epailea ere, eta AVTko presidenteak Vidas rotas liburuaren lau ale eman dizkie. ETAk hildako 857 lagunen biktimen testigantzak jasotzen dira liburuan, eta "gizatasuna zer den jakiteko" eman die epaileei, Pedrazak esan duenez. "Biktimek ikusi dute ETAk eta horren lagunek irabazi dutela, eta tiroa emandakoan bezala ospatu dutela".
Espetxeetako legea aldatzeko eskatzeko asmoz, AVTk bilera eskatu dio Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroari. "Lege batzuk oso anbiguoak dira, eta beste batzuk ez dira ondo ezartzen", adierazi du Pedrazak. Haren arabera, Uribetxebarriaren kasua bezalakoetan biktimen elkarteek aukera izan beharko lukete epaileen erabakien aurka helegiteak sartzeko.
Aipatutako kasuan, fiskalaren argudioen kontra, lehen zigor salako bost magistratuetatik lauk bat egin dute Jose Luis Castro epaileak abuztuaren 30ean hartutako erabakiarekin.
Uribetxebarriaren osasunak okerrera egin du azken egunetan.