Pedro Rubira Auzitegi Nazionaleko fiskalak idatziz egin dio eskaera Espetxe Zaintzako epaile Jose Luis Castrori. Hori izan zen 2012ko abuztuan Uribetxebarria aske utzi zuena, bere osasun egoeraz mediku txostenek ziotena aintzat hartuta.
Rubirak, baina, 1986. urtean Antonio Ramos guardia zibil bat hiltzea leporatzen dio, eta argudiatu du auzi horregatik behin behinean preso egotea eta baldintzapeko askatasuna izatea ez datozela bat. Beraz, auzi hori argitu arte bertan behera utzi nahi du baldintzapeko askatasuna.
Baldintzapeko askatasuna kenduz gero, espetxean sar dezakete Uribetxebarria berriro, beti ere bere osasun egorak ahalbidetzen badu. Uribetxebarriak, mediku txostenen arabera, "atzera bueltarik gabekoa": metastasia. Hain zuzen, horregatik onartu zion baldintzapeko askatasuna Castro epaileak, eta geroztik ez du hobera egin haren osasun egoerak.
Atzo deklaratu zuen presoak Bergarako epaitegian. 1997an atxilotu batek inkomunikazio aldian egindako deklarazio batzuk oinarri hartuta —torturatu egin zituztela salatu zuten— leporatzen diote hilketa.
Etxean preso egoteko agindua eman ondoren (fiskalaren gaurko eskaeraren berri izan aurretik) Ainhoa Baglietto presoaren abokatuak esan zuen epaiketa egin eta zigorra ezarrita ere, horrek ez lukeela eraginik izango bete beharreko espetxe urteen baturan, 30 urteko gehienezko zigorra jarria duelako Uribetxebarriak lehendik ere. Gainera, auzia preskribatua dagoela dio.