EUSKAL PRESOAK

Uribetxeberria askatzeko aldarria Donostiako kaleetan

'Giza eskubide guztiak, euskal presoak Euskal Herrira' lelopean, arratsaldeko 17:30ean abiatu da manifestazioa Saguestik. Ehundaka eragilek egin dute bat Josu Uribetxeberria preso gaixoa eta gainontzeko hamahiruak aske uzteko eskariarekin. Pankartaren buruan ziren zenbait euskal presok hasi duten gose grebarekin bat egin duten bost lagunak. 

2012ko abuztuaren 11
20:59
Entzun

Ehundaka lagunek elkartasun beroa azaldu diete Josu Uribetxeberriari eta larri dauden beste hamahiru preso gaixoei. Giza eskubide guztiak, euskal presoak Euskal Herrira lelopean, arratsaldeko 17:30ean abiatu da manifestazioa Donostian. Burua Zurriolako hondartzaren parean zenean, Saguesetik ateratzekoak ziren azkenekoak. 

Ehundaka eragile eta herritarrek galdegin dute preso gaixoak aske uzteko, baita euskal presoak hurbiltzeko ere. Bertan izan dira, besteak beste, ezker abertzaleko, EAko, LABeko eta ELAko ordezkariak. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere bere babesa erakutsi diete preso gaixoei. Atzo Uribetxeberrirekin bilduta egon zen Garitano

Martxa abiatu aurretik Beñat Zarrabeitia Herrira-ko bozeramaileak adierazi du Uribetxeberriaren egoerak ezin duela horrela jarraitu minutu batez ere, "minutu bakoitzean heriotza gertuago daukatelako". Berehalako irtenbideak behar direla nabarmendu  du eta hori lortzeko mobilizazioak garrantzitsuak direla esan du. 

Pankartaren buruan, Fran Balda eta Jon Garai Herrira-ko kideak, Ander Alberdi minbizia duen Gotzone Lopez de Luzuriaga presoren senarra, Joxerra Askasibar Arrasateko Udaleko zinegotziak, eta Rodolfo Cuesta preso ohia zeuden. Bost lagun horiek zenbait euskal presok abiatutako protestekin bat egin dute, eta gose greba mugagabea hasi zuten atzo. 

Villefranche sur Saone, Fresnes (Frantzia), Sevilla II (Espainia) eta Castello II (Herrialde Katalanak) espetxeetako presoek gose grebari ekin diote Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Denera, 35 presok hartu dute erabaki hori, Uribetxeberria presoari elkartasuna adierazteko. 

Uribetxeberria berak gose greba hasi zuen asteartean Donostiako Ospitaleko ziegan, jasaten ari den muturreko egoera salatzeko. "Euren legeen arabera, ni kartzelan nago. Orain, gaixo larria naiz, eta, euren legeen arabera, eskubidea dut baldintzapeko askatasunean kaleratua izateko. Ez dut uste asko eskatzea denik. Nire denbora badoa, duintasunez igarotzea besterik ez dut nahi", adierazi zuen Uribetxeberriak ohar bidez.

Arrasatearrak metastasia du, eta astebete pasa darama jada Donostiako Ospitalean. 2005ean minbizia atzeman zioten arren, preso eduki dute, eta gaixotasuna okertu zaio. Beste bi nodulu atzeman dizkiote: buruan bat, eta biriketan bestea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.