Iosu Uribetxeberria euskal presoa aske uzteko eskatu dio haren abokatu Ainhoa Bagliettok Espainiako Auzitegi Nazionalari, hark minbizia duela eta. Espetxeetako Zaintza epaileari egin dio eskaera; batetik, "gaixotasun larria eta sendaezina" izateagatik behin-behineko askatasuna emateko galdegin dio eta, bestetik, espetxe zigorra bertan behera uzteko.
Atzotik Donostia erietxean daukate Uribetxeberria, Leongo kartzelatik (Espainia) ekarrita. Donostiako ospitaletik Zaballakora (Araba) eramango lukete.
Herrira mugimenduak bihar 11.00etan jendaurreko agerraldi bat egingo du erietxe atarian, presoaren askatasuna aldarrikatzeko. Gaixotasun larriak dituzten hamalau euskal presoen egoera salatzeko hamalau aulki huts izango dira.
Etzi 15:30ean Arrasaten manifestazio nazionala izango da, eta EH Bilduk jakinarazi du atxikimendua eman diola martxari.
Etxerat-ek eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere atzo presoa libre lagatzeko galdegin zuten. Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako sailburuaren ustez, hark "egindako mina" aitortzea urrats handi bat izango litzateke.
Jose Antonio Ortega Lararen bahiketan parte hartu izana egotzita dago preso. 1998an 32 urteko espetxe zigorra jarri zion Auzitegi Nazionalak.