Josu Uribetxeberria presoari askatasuna ukatzea "heriotzera zigortzea" dela dio Etxerat elkarteak. Mattin Troitiño eta Izaskun Abaigar bozeramaileek agerraldia egin dute gaur, Arrasaten (Gipuzkoa).
Etxerat-ek berretsi du Uribetxeberriari berpiztu egin zaiola minbizia eta metastasia duela. Bi nodulu topatu dizkioete, biriketan bat eta buruan bestea. Gaixotasun larriak dituztelako berehala libre utzi beharreko 14 euskal preso politikoen zerrendan dago Uribetxeberria. 2005ean giltzurruna kendu behar izan zioten gaitzagatik —ezkerreko giltzurrunean tumore handi bat topatu zioten—.
Etxerat-ek aurreratu du alderdi politikoekin eta Arartekoarekin elkarrizketa sorta abiatuko duela.
Herrira Eguna
Azpeitian eta Zarautzen (Gipuzkoa) Herrira Eguna ospatu dute gaur, euskal preso eta iheslari politikoen eskubideak aldarrikatu eta elkartasuna adierazteko. Azpeitian ekintza "berritzailea" egin dute aurtengoan: Pedalkadaz pedalkada espetxeetara ekimenarekin hasi dute eguna, eta sakabanaketa politikoa salatzeko asmoz, bost bizikleten gainean aritu dira herritarrak arratsaldera arte bitartean.
Ekimenean hartu dute parte, besteak beste, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, Iñaki Errazkin Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Lurralde Antolaketa diputatuak eta herriko alkate ohiak. Arratsaldean, sokatik tiraka autobusa mugituko dute plazatik, "denon indarrarekin presoz betetako autobusa ekarri dezakegula irudikatuz", azaldu dute antolatzaileek.
Zarautzen ere elkarretaratzea egin dute eguerdian, Giza eskubide guztiak, euskal preso eta iheslariak Euskal Herrira! lelopean. Hondartza zeharkatu dute dozenaka lagunek, joaldunen laguntzarekin.