Luzia Urigoitia omentzea egotzita atxilotu zituzten lau herritarrek gaur izan dute epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Hasieran, bi urte eta erdiko zigorra eta bederatzina urteko inhabilitazioa eskatu zuten haien aurka, baina eskaera murriztu du gaur fiskalak, eta onartu egin dute hori auzipetuek. Hala, bina urteko kartzelara eta zortzina urteko inhabilitaziora zigortu dituzte.
Auzipetuek ohar bidez adierazi dutenez, "ez da justiziarik egin", eta "are gutxiago, oroimenari eta elkarbizitzari bide eman". "Ozen diogu, lau haizeetara, oroimena zigortu, zigortu daitekeela, baina ez, ordea, lapurtu".
Iazko irailean atxilotu zituzten Miren Soloeta, Asier Duran Nieto, Aitor Uribe eta Amaiur Lopez de Lacalle. Uztailaren 25ean Luzia Urigoitia otxandiarrari eginiko omenaldi bat "antolatu, zuzendu eta koordinatzea" egotzita atzeman zituzten. Ehun bat lagunek hartu zuten parte omenaldi horretan. 1987ko uztailaren 27an hil zuen Guardia Zibilak Urigoitia, tiroz, Trintxerpen (Pasaia, Gipuzkoa) eginiko sarekada batean. Urigoitia ETAko kidea zela eta, hura omentzea "terrorismoa goratzea" delakoan atzeman dituzte.
Pasaiko Udal Erretratuan agertzen da Urigoitia. Jaurlaritzak bere txostenean jaso zuen su armen tiroek hil zutela, eta bitan egin ziotela tiro, horietako bat, burua zeharkatu ziona, pistola azalaren kontra zuela ia.