Datozen hilabeteak “erabakigarriak” izango dira erabakitzeko eskubidea defendatzen duten alderdientzat. Irailaren 27an Katalunian egingo diren hauteskundeek markatuko dute prozesuaren intentsitatea, baita Euskal Herrian ere. Hala adierazi du Pello Urizar EAko idazkari nagusiak bere alderdiko buruzagi eta militanteen aurrean urte politikoari hasiera emateko Donostiako Miramar Jauregian eginiko ekitaldian. Urizarrek Kataluniako alderdi subiranistek hasitako bidea defendatu du Euskal Herriarentzat eta EAJren jarrera kritikatu du: “Zentralismo espainiarren aldeko hautua egin du”.
EAkoak ez du argitu urte amaieran egingo diren Espainiako bozetan EH Bilduko alderdiek zein formula erabiliko duten. Sortuko Hasier Arraizek herenegun egin bezala, berak ere keinua egin dio Podemosi, alderdi hori baita, EAko buruzagiaren arabera, Madrilen erabakitzeko eskubidea babesteko prest agertu den bakarra. Nolanahi ere, Urizarrek azpimarratu du Espainiako Parlamentuan sor daitezkeen gehiengoak kontuan hartuta, Euskal Herrian “prozesu propioa” egitea “beste aukerarik ez” dagoela. Besteekiko harremanak erabakitzeko eskubidearen gainean eraiki behar direla azpimarratu du, eta bide hori, alderdiez gain, gizarte zibilarekin “batera” egin behar dela.
Erabakitzeko eskubideaz ez ezik, nazio eraikuntzaz ere mintzatu da Urizar. Aukera ikusten du urte politiko honetan Ipar Euskal Herrian lurralde eta instituzio “artikulazio minimo” bat gauzatzeko, aurrera begirako beste urrats batzuen oinarri gisa. Eta Nafarroan “aldaketa errotu eta sendotzeko”, eta Euskal Herriko lurraldeen arteko harremanak “normalizatzeko”.