Pello Urizar EAko idazkari nagusia eta Bildu koalizioko ordezkaria Euzko Alderdi Jeltzaleari mintzatu zaio, eta esan dio ordua dela «apustu subiranista» bat egiteko Espainiako Kongresuan. Urizarrek ulertzen du «deseroso» egon daitekeela EAJ, proposamen horrek PSOErekin dituen akordioak haustea esan nahiko lukeelako. Dena den, ezberdintasunen gainetik, Urizarrek nabarmendu du Espainiako Kongresuan ordezkari abertzaleek asko dutela esateko: «Berezko sentimenduak eta historia bat dituen nazio bat dela uste baduzu, eta gainera eskubide batzuk dituela, Madrilen eskubide horiek aldarrikatu behar dituzu. Horrela jokatu behar da, Madrilen egiten baitira legeak eta hartzen baitira hemen hartu beharko liratekeen erabakiak».
Urizarrek nabarmendu du azaroaren 20ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan abertzaleen apustuak izan behar duela Madrilera joatea eta esatea «bere etorkizunari buruz erabakitzeko eskubidea duen nazio bat» dela Euskal Herria. Haren ustez, horrek agerian uzten du «ziklo autonomista» agortuta dagoela eta ziklo subiranista baterantz jo behar dela orain. Helburu horretan indar abertzale guztiak egon daitezkeela uste du, EAJ barne: «Ikusi egin beharko da zer neurritaraino den erreala. Beharbada, ezkutuko beste konpromiso batzuk dituzte, eta benetan estrategia eta taktika desberdinak dituzte».
Urizarren arabera, apustu horrek ezadostasunak sor ditzakeen arren, merezi du arriskuak hartzea. Argi du Madrilek inoiz ez duela erabakitzeko eskubi- dea aitortuko, eta bide demokratikoetatik aurre egin behar zaiola azpimarratu du. «Horrek urduritasuna eragiten du hainbat sektoretan, ez dutelako nahi egungo statu quo-a aldatzea».
Gaur Bilduk prentsaurreko bat emango du Iruñean bozei begirako proposamenari buruz.
Urizarrek apustu subiranista egiteko ordua dela esan dio EAJri
EAko buruzagiak uste du jeltzaleak deseroso daudela, PSOErekin itunak baldin badituzte hauts daitezkeelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu