Urizarren ustez, independentziaren aldeko joeraren beldur da Estatua

Eskaintza subiranista galaraztearren zuzenbide estatua bera lehertzeko prest ikusten du Espainiako Gobernua

Erredakzioa
Donostia
2010eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Pello Urizar EAko idazkari nagusiaren hitzetan, «azken asteotan agerian geratu da Estatuak beldur diola independentismoak hauteskundeetan eskaintza bateratua egiteari». Izan ere, EAkoaren ustez, eskaintza bateratu horrek agerian utziko luke independentismoak euskal gizartean duen indarra, eta, gainera, «herritarren borondatearen aurka instituzioetara iritsi den unionismoa» kanporatu egingo luke.

Zarautzen esan zituen horiek atzo Urizarrek, EAren alkartetxe berriaren inaugurazio ekitaldian. Orain arte EArena izan den egoitza Hamaikabaten esku geratu da, eta Eusko Alkartasunak alkartetxe berria egin du. Hamaikabatek eskuratu duen egoitza EAJren batzokia izan zen EArena izan aurretik.

Urizarrek hedabideei egindako adierazpenetan azaldu zuenez, Espainiako eta EAEko gobernuetako ordezkariek azken asteotan egindako adierazpenek agerian utzi dute «PSOEk eta PPk hauteskundeetan independentismo sendoa izateari diotela beldurra; hau da, demokraziak izutzen dituela».

Bi arrazoigatik daude beldurtuta PSOE eta PP, Urizarren hitzetan: hauteskunde emaitzek argi utziko luketelako instituzioetan dagoen gehiengoa «artifiziala» dela eta «indarkeriarekin inolako loturarik izango ez lukeen eta babes sozial handia eskuratuko lukeen aukera independentistak herri honen erabaki eskubideari buruzko eztabaida mahai gainean jarriko lukeelako». EAko buruak azaldu duenez, «indarkeriaren itzaletik urrundutako egoeran», Espainiako Estatuari «oso zaila» egingo litzaioke «euskal gizarteak bere etorkizuna libreki erabakitzeko duen eskubidearen aurrean duen ukazioa mantentzea».

Egoera horren inguruan, galdera bota du Urizarrek: «Noraino igoko dute mugimendu subiranistari jartzen dioten exijentzien galga?». Haren ustez, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministro eta presidenteordea «egiten ari den mehatxuek» frogatzen dute «gobernua prest dagoela aukera subiranista sendoa galaraztearren zuzenbide estatua bera leherrarazteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.