euskal herria

Urkijok ohartarazi du auzitara eramango lukeela Udalbiltza herritartasun agiriagatik

Euskal Herriko instituzioari egitasmoa erretiratzeko eskatu dio Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak, legedia gainditzen duelakoan.

Urkijo, artxiboko irudi batean. D. A., EFE
2014ko martxoaren 20a
08:23
Entzun

Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak Udalbiltzari eskatu dio erretira dezala euskal herritartasun agiriaren egitasmoa –"euskal NAN" deitu dio hark–, legezkoa ez delakoan. Hala egin ezean, ohartarazi dio auzitara eramango duela, inpugnazioa aurkeztuta.

Espainiako Auzitegi Goreneko administrazioarekiko auzietako aretoko fiskal nagusiari eta Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusiari idatzi bana helarazi die Urkijok, Udalbiltzak eskaera kontuan hartuko ez balu "neurri administratiboak eta penalak har ditzaten".

Euskal Herriko udalen eta udal hautetsien biltzarrak atzo jakinarazi zuen euskal herritartasuna sustatzeko dinamikak abian jarriko dituela. Oraingoz, haren ardatzak euskal ikurrak, euskal herritartasun agiria eta .eus domeinua izango dira.

Honela dio Euskal Herriko instituzioaren ebazpenak: "Udalbiltzak euskal herritartasuna publikoki adieraziko duen agiri ofizial bat sortzea bultzatuko du. Ekimen hori, herritarren atxikimendu librean oinarrituko da, eta Euskal Herriaren kultura, hizkuntza eta identitate espresio anitzekiko errespetuzko jarrera mantenduko du. Horretarako, instituzio nazional hau lanean ari da dagoeneko horren tramitazioan eta, halaber, erabilera eta bideragarritasuna bermatzeko behar dena egiten".

Urkijok "erronka independentistatzat" jo du herritartasun agiriaren dinamika: "Legedia gainditzen du, eta helburu bakarra zuzenbide estatuari aurre egitea eta euskal herritarren bizikidetzan eragitea da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.