Gizartea

Urkijok ohartarazi du Igeldoko herri galdeketak Madrilen baimena behar duela

Azaroaren 10ean egitekoa dute galdeketa. Gipuzkoako Diputazioak atzo azaldu zuen iritzia jakiteko galdeketa bat dela, erabakia ez dela bete beharrekoa eta, beraz, ez duela gobernuaren oniritzirik behar.

2013ko urriaren 3a
16:42
Entzun

Donostiako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari mezuak bidali dizkie Carlos Urkijo Espainiaren EAEko gobernu ordezkariak. Igeldoarrek Donostiatik bereizi nahi duten edo ez jakiteko herri galdeketak Espainiako Gobernuaren baimena behar duela esan die.

Donostiako alkateari hilabeteko epea eman dio Erregimen Lokaleko Oinarrien Legeak zehaztutako baldintzak betetzeko. Herritarrentzat interes handikoak diren gaietan herri galdeketak egiteko baldintzak betetzea galdegin dio horrekin.

Araubide horren arabera, udalbatzak gehiengo absolutuarekin onartu behar du galdeketa egitea, eta Espainiako Gobernauren baimena behar du.

Gipuzkoako Foru Aldundiari beste ohar bat bidali dio Urkijok, gogoraraziz herri galdeketa bat egiteko baldintzetako bakar bat ere ez dutela bete.

Igeldoren desanexioari buruzko galdeketari atzo jarri zioten eguna. Azaroaren 10ean egingo dute bozketa. Gaurtik aurrera hasiko dira horri buruzko argibideak ematen herritarrei. 

Parte hartzeko, beharrezkoa izango da 16 urtetik gora edukitzea, baita iazko azaroaren 30a baino lehen herri horretan erroldatuta egotea ere.

Itsas Aurre kultur etxean jarriko dute bozkalekua, 09:00etatik 20:00etara. Boto-emaileek galdera honi erantzun beharko diote: "Igeldo udalerri izatea nahi duzu?".

Diputazioaren ustez, ez da baimenik behar

Garbiñe Errekondo Gipuzkoako Funtzio Publikoko diputatuak nabarmendu zuen, atzo, herri galdeketaren erantzuna ez dela bete beharrekoa izango: "Ez da erreferendum bat. Horretarako Espainiako Gobernuaren baimena beharko genuke".

Errekondok berretsi zuen kontuan hartuko dutela Donostiako udalbatzaren iritzia, baina ez dela bete beharrekoa. "Aldundiak eskumenak ditu esparru horretan".

EAJk, PSE-EEk eta PPk behin baino gehiagotan esan dute Igeldoren desanexioari buruzko edozein erabakik udalbatzaren oniritzia izan behar duela, hala jasotzen baita Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzak egindako txosten batean.

Donostiako PP izan zen txosten hori eskatu zuena. "Aldundiak ezin du nahi duena egin", esan zuen txostenaren berri izatean Ramon Gomez bozeramaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.