Gaur eguerdian hartu du Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari kargua Carlos Urkixok, eta Poliziaren lana goretsi du ezer baino lehen: "Polizia izan da Euskadi eta Espainiarentzako itxaropen eta askatasun aldi hau argitu duena". ETAren aurkako borrokan Ertzaintzak, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak egindako lana eskertu du, "terrorismoaren" biktimak gogoan izan ditu, eta "garai berri hau egonkortu" egin behar dela adierazi du.
Gasteizen izan da ekitaldia, eta han egon dira Jose Antonio Varela Ertzaintzako burua, Enrique Pamies Espainiako Poliziaren EAEko burua eta Miguel Castro Guardia Zibilaren EAEko arduraduna.
Alberto Ruiz-Gallardon Espainiako Justizia ministroa, Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidentea, Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusia eta Javier Maroto Gasteizko alkatea ere izan dira ekitaldian.
Gasteizkoaren ondoren, Iruñean, Carmen Albak hartu du Nafarroako ordezkari kargua. Gallardon han ere izan da. "ETA desegin arte zuzenbide estatua erlatibismorik gabe ezarriko dugu", esan du Albak.