Bera joan edo ez, alarde mistoak "begi onez" ikusten dituela esan du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Etxebarrietak esan dio ona litzatekeela berak fisikoki Irungo alarde mistoa babestea, "aurrerapausoa" litzatekeela. Baina Urkullu ez da iritzi berekoa.
Alardeen auzia konpondu beharreko auzitzat dauka Urkulluk, baina esan du "behin betiko konponbidea" ez dagoela bere esku. Irunen eta Hondarribian topatu behar dute irtenbidea haren ustez, "elkarrizketa zintzoa eta eraikitzailea" eginda. "Behin betiko konponbidea ez da inposiziotik etorriko".
"Parekidetasunaren festara" batzeko deia egin dio Etxebarrietak Urkulluri. "Zure zain egongo gara Iruneko udaletxeko balkoian bizipen ederra konpartitzeko, berdintasunaren aldeko borrokan aletxoa jartzeko, eta egon behar duzun tokian zaudela sentitzeko".