Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ez du baloratu Hiriko auzian fiskalak akusatu dituen sei enpresarien jarduna: "Oraindik, ikusteko dago auzi honek epaitegietan hartuko duen bidea". Atzo gauean egin zituen adierazpen horiek Urkulluk, Onda Cero irratian egin zioten elkarrizketan.
Dena dela, nabarmendu zuen auzi horrek ez duela euskal enpresarien izen ona zikinduko: "Gertaera honek ezin du ezbaian jarri euskal enpresari guztien zintzotasuna".
EH Bilduri erreferentzia eginez, kritikatu egin zituen zenbait eragile politikok EAJri egin dizkioten kritikak, eta deitoratu egin du ustelkeria hitza hitzetik hortzera erabiltzea: "Ezin da ustelekeriaz hitz egin; jarduera txarrak dira, edota proiektu gauzatu gabeak". Hori esatean, Cabieces auziaz ere ari zen Urkullu, eta ikerketa batzordeak "judizializatzea" salatu zuen: "Ikerketa batzordeak erruduntasun presuntziotik abiatuta erabiltzen dira". Berretsi zuen EAJk ez zuela inolako zerikusirik eduki Cabieces aferan.