Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

Urkullu: «Batzuen begirada Madrilen dago; gurea, aldiz, Euskadin dago»

EAJko presidenteak salatu du ezker abertzaleak «aldizkako diputatuak» izan nahi dituela Madrilen

Iñigo Urkullu eta Emilio Olabarria, atzo goizean, Gasteizen egindako ekitaldian. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
2011ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Ezkerraldera joan da EAJ kanpaina egitera. Barakaldoko herriko plazan izan ziren atzo arratsaldean Iñigo Urkullu EBBko presidentea eta Josu Erkoreka Bizkaiko zerrendaburua, eta herritarreieskatu zieten igandean «azken ahalegina» egin dezatela EAJ indartsu joan dadin Madrilera. Izan ere, EAJ izango da «Euskadiren interesak» Espainiako Kongresuan eta Senatuan «egunero» defendituko dituen bakarra, Erkorekak azpimarratu zuenez. «Programa, eredua eta erantzunak ditugu. EAJren ereduak funtzionatu egiten du», gaineratu zuen.

Urkulluk, berriz, PSOEri eta PPri Euskadirentzat programarik ez izatea leporatu zien, eta Moncloara begira egotea: «Batzuen begirada Madrilera zuzenduta dago, Moncloara. Guk begirada hementxe bertan dugu, Barakaldon, Euskadin».

PSOEk eta PPk ez dute programarik «Euskadirentzat», Urkulluk esan duenez: «PPk gehiengo osoa lortu nahi du Espainia aldatzeko, ez Euskadi. Eta PSOEk botoa eskatzen du bere hondamendian ez erortzeko». Bi alderdi horien eskutik Eusko Jaurlaritzan egiten ari den kudeaketa, berriz, «huts bikoitza» dela salatu du: «Zorroztasun ekonomikorik ez du, arazoentzat erantzunik ez du».

Amaiurri ere kritika gogorrak egin dizkio EAJko buruak, hauteskundeetan programarik gabe aurkeztu direla eta Madrilera noiz edo noiz joango direla leporatu die: «Ezker abertzalekoek aldizkako diputatuak izan nahi dituzte Madrilen. Hori da ezker abertzalea, aldizkako abertzalea».

EAJ, berriz, hiru helburu argirekin joango da Madrilera, Urkulluren esanetan: autogobernu handiagoa lortzeko, gizarte politika «aurreratuak eta iraunkorrak» eskuratzeko eta Euskal Herriarentzat estatuspolitiko berria lortzeko. Hala, igandeko bozak euskal hauteskundeak ere badirela esan du EAJko buruak.

Garraioa eta osasuna

Goizean, berriz, Gasteizen egin zuen ekitaldia EAJk, tren lurperatzea eta geltoki intermodala gaiak hizpide hartuta. Bi egitasmo horiek «estrategikoak» dira hiriarentzat, eta «erakargarriak eta beharrezkoak» arabar guztientzat, EAJren ustez. PPk eta Bilduk geltoki intermodalaren proiektua gelditu izana kritikatu dute Claudio Rodriguez eta Emilio Olabarriak, Senaturako eta Kongresurako zerrendaburuek, hurrenez hurren.

Errioxako erkidegoak Arabako herritarrak hango erietxeetan artatzeari uko egin izana ere ahotan izan zuen Olabarriak. EAJko hautagaiak «jarreraendekatua» izatea egotzi dio Pedro Sanz Errioxako presidenteari, «hauteskunde etekinak» lortu nahirik hartu duelako erabaki hori. Halaber, mugakide diren herrialde biren artean ohikoa den «elkartasunetik» kanpo ari dela esan dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.