Beste hautagai batzuekin egin bezala, Iñigo Urkullu atzo Hamaika Telebistan elkarrizketatu zuten Pello Urzelai (BERRIA), Iñaki Soto (Gara) eta Bingen Zupiria (Deia) kazetariek. Hainbat gai izan zituzten hizpide. Saioa Naroa Iturrik aurkeztu zuen.
Urkulluk esan zuen ez duela bere burua lehendakari ikusten, eta zehaztu zuen boto gehien jasotzen duen indarra EAJ izanda ere ez duela ikusiko, orain dela hiru urte gertatu zena gogoratuz. Lehendakari izanez gero, argitu zuen egingo lukeen lehen gauza diru kontuak ordenatzea izango dela, "aurrekontuak prestatu".
Hala ere, Urzelaik galdetuta, Urkulluk aitortu zuen baduela buruan gobernu taldea, baina horren berri ez duela inork gaineratu zuen.
Elkarrizketaren amaieran, Enara Rodriguezek aurreko astean Nafarroako Bideko Autobidean izan zuen erasoa beste biktima batzuek jasaten dituztenak bezainbeste ez salatzea aurpegiratu zion Sotok Urkulluri. Horrek, ordea, esan zuen bere kanpainan salatu dutela.
Igandean, saio berezia egingo du Hamaika Telebistak hauteskunde gauean, 20:00etatik 23:00etara, eta BERRIA.INFOk bat egingo du saioarekin, BERRIAren webgunean ere ikusteko aukera emanez.