Politika orokorreko saioa

Urkullu: "Demokrazia erabili behar dugu legea borondate politikora moldatzeko"

Hitzarmenen beharra nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, EAEko "estatus politiko berri bat" lortze aldera. Bide batez, espetxe politikak aldatu eta sakabanaketa amaitzeko beharra ere ekarri du gogora, baita gaixo dauden presoentzako "irtenbide humanitarioak" aurkitzearen garrantzia ere. Zuzeneko kontakizuna egin dute Edurne Begiristain eta Ivan Santamaria BERRIAko kazetariek.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, gaur goizean, legebiltzarrean. RAUL BOGAJO, ARGAZKI PRESS
2014ko irailaren 25a
07:24
Entzun

Egoera ekonomikoaren argazkia ateratzeko baliatu du Iñigo Urkullu lehendakariak hitzaldiaren lehen zatia, eta keinua ere egin die sozialistei itun ekonomikoarekin bat egin dezaten. Urkulluk ohartarazi du egoera ekonomikoak hobera egin duen arren —%1eko hazkundea iragarri du aurtengo, eta %1,7koa datorrenerako— orain "zailena" geratzen dela egiteko: "hazkunde iraunkorrera itzultzea eta enplegu egonkorra sortzea".

Bide beretik, iragarri du Jaurlaritzaren konpromisoa dela osasun, hezkuntza eta babes soziala bermatzea eta horretara bideratuko duela aurrekontuaren %70. "Euskadik estatuko herritarren %5 dauka, baina, diru sarrerak bermatzeko errentan, estatuko gastu osoaren %40 gainditzen du".

Bakea eta bizikidetzaren gaiaz aritu da ondoren Urkullu. "Nahasgarria" izango ez den memoria historikoa eraikitzeko beharra nabarmendu du, "giza eskubideak eta oinarri demokratikoak" kontuan hartuko dituena. Bide beretik, espetxe politika berriak egiteko beharra eta sakabanaketaren amaiera ere aipatu ditu lehendakariak. Lehendakariak, Hitzeman programa "legezko bidea" dela esan ondotik (hitzaldiko 17. orrian dator Hitzemani buruzkoa), presoei "biolentziaren aurka garbi-garbi" azaltzeko eskatu die, baita giza eskubideak urratu baditu "autokritika" egitea ere.

Arnaldo Otegi-eta zuzenean aipatu gabe, gogoan izan ditu haiek, "legezko erantzun bat eskatzen eta aldarrikatzen dugu lehen legez kanpoko ziren baina gaur legezko diren jarduera politikoengatik zigortuta daudenentzat" esan duenean.

"Demokrazia erabili behar dugu legea borondate politikora moldatzeko, hitzarmenaren bidez", esan du Urkulluk, eta Eskozia jarri du adibide: "Han ikusi dugu posible dela borondate politikoaren bidez herriak bere etorkizunari buruz erabakitzea". Horretarako, ordea, beharrezkoak dira "elkarrizketa, negoziazioak eta akordioak". Hala, autogobernua eguneratzea, burujabetza gehiago lortzea eta herritarrei galdetzea dira Urkulluren proposamenaren oinarriak.

Espainiako Gobernuarekiko harremanak ere aipagai izan ditu Jaurlaritzako buruak, esanez "aldebakarkeriaz" jokatzen ari dela Mariano Rajoyren gobernua, eta ondorioz "ahitzen" hasia dela bien arteko elkarrizketa.

"Egonkortasun eta gobernagarritasunaren alde" lan egiten jarraitzeko konpromisoaren amaitu du Urkulluk agerraldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.