Josu Jon Imaz EAJren EBBko lehendakari berriak giza eskubideen alde "konpromiso finkoa" duela nabarmendu du Urkulluk, eta datozen garaiak ez direla "Imazen aroa" izango azpimarratu du, "baizik eta alderdikide guztiona". Imazek "gizaki askerik gabe ez dela herririk izango" adierazi zuen atzo kargu hartze ekitaldian.
Xabier Arzalluz EBBko lehendakari ohiak izandako hitzak ere gogora ekarri dizkiote Urkulluri. Ibarretxerekin ondo konpontzeko esan zion Arzalluzek Imazi, eta "burubikotasuna ondo landu" behar dela nabarmendu du Urkulluk, "hori oso garrantzitsua baita alderdiaren onerako". Halaber, Arzalluz "alderdiaren ondarea" dela adierazi du BBBko lehendakariak: "Ez da sekula afiliatu normal bat izango, formalki hala bada ere".
"Ez da horretaz hitz egiteko garaia"
Iñigo Urkulluk gogora ekarri duenez, urtarrilaren 31n amaituko da EBB Euzkadi Buru Batzarrean aldaketak emateko epea, eta bitartean, alderdi barruko beste kontuez ez du hitz egin nahi izan. "Ez da horretaz hitz egiteko garaia" erantzun du behin eta berriz Juan Mari Juaristi eta Joseba Egibarrek GBBko lehendakari izateko azaldu duten asmoez erantzutean. Halaber, ez du argitu BBBko lehendakaritzarako bere burua aurkeztuko duen.
EAJren egungo lehentasuna Espainiako martxoko hauteskundeei begira jartzea dela azpimarratu du Urkulluk, eta EArekin "elkarlana sakontzeko lanetan" ari direla zehaztu. "Beharrezkoa ikusten dugu EArekin batera joatean, nahiz eta EAkoek lehentasuna Aralarrekoei eman", esan du.
Ezker abertzaleak Bergaran egin zuen proposamena ere hizpide izan dute, eta aurrera aterako ez bada ere, "ezker abertzalearekin eztabaida bideratzeko balio dezake". "Mundu horretan ETAk bere burua erakunde militar eta politikotzat du, baina hitza ordezkaritza duenari bakarrik tokatzen zaio".
PSOErekin harremanak izatea "ez dela EAJren lehentasuna" argitu du Urkulluk, eta Rodriguez Zapateroren hitzak entzunda "harreman horiek zaildu" egiten direla adierazi du. "PSOEren esku dago harremanak edukitzea, eta gainera Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela onartu beharko dute".
Politika
Urkullu: "EAJren zutabe nagusiei jarraipena ematen die ponentziak"
Iñigo Urkullu EAJren BBB Bizkai Buru Batzarreko presidentearen esanetan, EAJren IV. Batzar Nagusian onartutako txosten politikoak "EAJren zutabe nagusiei jarraipena ematen die". Urkulluren arabera, "giro onean" egin da batzar nagusia, "nahiz eta prozesuak iraun duen bitartean tirabirak egon, baina hori normala da". Alderdien Kontseilua osatzea da EAJk onartu duen ponentzian jasotzen den atal bat, baina hori sortzeko "giza eskubideen errespetua eta Euskal Herria esistitzen dela eta erabakitzeko ahalmena duela aitortzea ezinbestekoa da", adierazi du BBBko lehendakariak Euskadi Irratian eskainitako elkarrizketan. EAJren egungo lehentasuna Espainiako martxoko hauteskundeei begira jartzea dela azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu