'Iraultza zergaren' auzia

Urkullu, Egibar eta Arzalluz Auzitegi Nazionalean izan dira, Agirreren "errugabetasuna" defenditzen

'Iraultza zergaren' auzian inputatuta dago Gorka Agirre EAJko buruzagi izana eta defentsak deitu ditu deklaratzera, lekuko gisa. Agirreri ostiralean hartu zion deklarazioa Garzonek, eta ukatu egin zuen ETAren eta enpresaburuen arteko bitartekari lanik egin duela.

2008ko maiatzaren 19a
15:32
Entzun
Goizeko hamarretan iritsi da Xabier Arzalluz EAJko presidente ohia Espainiako Auzitegi Nazionalera, Iraultza zergaren auzian inputatutako Gorka Agirre EAJko buruzagi izanaren defentsak deituta, lekuko gisa deklaratzera. Iñigo Urkullu EAJko egungo presidentea eta Joseba Egibar GBBko burua ere deitu ditu. Arzalluz bakarrik heldu da, eta Baltasar Garzon epailearen galdeketari erantzun dio. Urkullu eta Egibar GBBko burua 10:30en iritsi dira, elkarrekin, alderdiko beste kide batzuek lagunduta, eta biek ere deklaratu dute dagoeneko.

Hiru buruzagi jeltzaleek Agirre EAJko zuzendaritzako kide ohiari inputazioa kentzeko eskatu dute, eta haren "errugabetasuna" defenditu dute. "Goitik behera ezagutzen dt nik Gorka, gutxienez azkeneko 30 urtean, elkarrekin lan egin dugu eta batetik bestera ibili gara", adierazi du Arzalluzek komunikabideen aurrean, Agirre "errugabea" dela esatean. "ETAri lagundu izan balio, alderditik bidaliko genukeen". Urkulluk, berriz, aipatu du Agirreren lana "ETA barrutik nola zegoen jakitea" zela, "gero informazioa EAJri helarazteko".

Iraultza zergaren inguruko auzian inputatuta dauka Garzonek Agirre, ETAren eta enpresaburuen arteko bitartekari lanak egitea leporatuta. Agirreren defentsaren ustez, Urkulluren, Egibarren eta Arzalluzen lekukotasuna baliagarri izango da "errugabetasuna" argitze aldera.

Jose Antonio Rubalkaba EAJko Gasteizko legebiltzarkidea, Arantxa Isasmendi abokatua eta Jose Maria Zalbidegoitia EAJko EBBko kidea ere izan dira deklaratzen.

Garzonek joan den ostiralean hartu zion deklarazioa Agirreri berari. EAJko buruzagi ohiak ukatu egin zuen ETAren eta enpresaburuen arteko bitartekaritzan aritu izan dela; inoiz ez duela halakorik egin ziurtatu zuen. Aitzitik, ETAren eskaera gutuna jaso eta beregana jotzen zuten enpresaburuei ez ordaintzeko aholkatzen ziela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.