"Nire hizkuntzan esaten den bezala, 'hitza ematen dut'". Esaldi horrekin bukatu du Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidente eta Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigaiak Madrilen Nueva Economia Foroan eskaini duen hitzaldia. Hau da, hitz eman du EAJren "lehentasuna" gaur egun "krisitik lehenbailehen ateratzea" dela, eta hitz eman du "Euskadin bakea eta elkarbizitza" lortzea ere garrantzitsua dela bere alderdiarentzat. Bi gaien artean jarrera aldetik bereizketa bat egin du: "Ekonomian oso kritikoa naiz Raxoirekin; bakea lortzeko helburuan, leiala".
Ekonomiarekin ekin dio hitzaldiari Urkulluk. Luze aritu da. EAErako "politika ekonomiko berria" nahi du EAJk, haren hitzetan, "zorroztasunez gobernatzeko, hazteko eta enplegua sortzeko". "Une hauetan gure lehentasuna pertsonak, familiak, enpresak dira", adierazi du.
Jaurlaritzaren zorra duela hiru urte eta erdi baino hamar aldiz handiagoa dela salatu du, eta aipatu du horrela ezin dela "gure erakundeei finantza aldetik eutsi" eta ezin dela politika ekonomiko on bat garatu.
Espainiako Gobernuari erreskatea berehala eskatzeko galdegin dio, eta azaldu du "arduratuta" dagoela, gobernuaren "kezka bakarra defizita jaistea" delako eta hark "berzentralizaziorako joera" agertu duelako.
Bakea eta elkarbizitza
"Hiru hamarkadatan mehatxu, gorroto eta terrorea bizi ondoren”, "Euskadik beste erronka handi bat, historikoa, baztertu ezina" ere baduela esan du Urkulluk: "Behin betiko bakea. ETAren erabateko desagertzea. Normalizazio politiko osoa eta elkarbizitzaren eraikuntza".
Hor, baina, Espainiako Gobernuarekiko bestelako jarrera duela zehaztu du. "Arlo ekonomikoan [Mariano] Raxoi presidentearekin oso kritikoa naiz. Baina behin betiko bakea lortzeko helburuan nire leialtasuna eta diskrezioa ditu. Oso ondo daki hori. Horrela segituko dugu lanean".
EBBko buruzagiak aipatu du “Euzko Alderdi Jeltzalearen asmoa Euskadi Europa barruko herri gisa aitortua izatea, eta Europako Batasunak eta nazioarteko erakundeek hala aitortzea" dela, eta hitzaldian zeuden lagunei esan die ez hartzeko hori "Kataluniako aldarrikapenen beroaldiagatik egindako proposamen oportunista" gisa. Gainera, berriro gogoratu die EAJren xedea gaur egun "elkarbizitza eta gure nortasun nazionalaren aitortza" erdiestea dela.
Espainiako Estatuarekin "elkar ulertzeko, eta mendekotasunik eta etengabeko mesfidantzarik gabe" bizitzeko, EAErako estatus berria aldarrikatu du EAJren lehendakarigaiak. Haren arabera, aurrenik Eusko Legebiltzarrean akordio zabal bat lortu beharko lukete alderdiek. Gero Jaurlaritzak Espainiako Estatuarekin egin beharko luke akordioa. Azkenik, herritarrek berretsi beharko lukete. 1978an Espainiako Konstituzioaren garaian eta duela urte batzuk Juan Jose Ibarretxeren Estatutu Berriarekin horretan saiatu zirela esan du Urkulluk.
"Hankak lurrean ditugu, eta hankak lurrean izanda ariko gara. Baina ez gara geldirik izango; aurrera egin nahi dugu". Horixe Urkulluk hitz emandakoa, Madrilen.