EAJren Euzkadi Buru Batzarrak gaur arratsaldean egin duen bileran aukeratu dute Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza lortu duten alderdiekin elkarrizketak izateko taldea. Iñigo Urkullu lehendakarigaiak, Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko lehendakariak, Koldo Mediavilla erakunde arloko EBBren burukideak eta Pilar Garcia de Salazar exekutiba jeltzalearen Idazkariak osatuko dute taldea.
EH Bilduk ere izendatu du bihar goizean bi alderdien artean egingo duten bileran koalizioak izango duen ordezkaritza. Laura Mintegi lehendakarigaiak, Hasier Arraiz legebiltzarkide hautatuak (ezker abertzalekoa) eta EAren idazkari nagusi eta legebiltzarkide hautatu Pello Urizarrek osatuko dute EH Bilduren ordezkaritza.
Sabin Etxean egingo ditu bilerak EAJk Legebiltzarrean ordezkaritza lortu duten gainontzeko alderdiekin. Bilerak hauteskundeetan lortutako legebiltzarkide kopuruaren arabera ezarri ditu EAJk (jeltzaleek 27 eserleku lortu zituzten): lehena EH Bildurekin (21 eserleku) egingo dute, eta bigarrena, PSE-EErekin (16). Asteazkenean, berriz, PPrekin (10) eta UPDrekin (1) bilduko da EAJ.
Hego Euskal Herrian azaroaren 1a jaieguna eta 2a zubia izanik, gaurtik etzira bitartean lotuta utzi nahi du EAJk prozesuaren hastapena.