ETAren larunbateko jakinarazpenari garrantzia kendu nahi izan dio Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Esan du ETA ez dela inor “bizitza politikoa baldintzatzeko" eta ukatu egin du “eragile politiko bat" dela, zilegitasun demokratikorik ez duelako.
TV3 Kataluniako telebista publikoan elkarrizketatu dute Urkullu. Behin betiko desagertzeko eskatu dio ETAri, eta esan du hori gauzatu arte Eusko Jaurlaritzak “lanean” jarraituko duela. Euskal gatazka konpontzeko, baina, "estatu politika bat" behar dela uste du Urkulluk, eta Espainiako Gobernuak urratsak egitea ezinbestekoa dela, batez ere presoen auzian. "Ez gara presoei indultuak emateaz ari, espetxe politika aplikatzeaz baizik", azaldu du. Gobernuak ez ezik, presoek berek ere pausoak eman behar dituztela uste du.
Kataluniako prozesu subiranista ere izan du mintzagai, eta errespetua azaldu du "orain arte” Kataluniako erakundeek hartutako erabakien aurrean. "Azarorako galdeketara deitzea” errespetatzen duela esan du.
Euskal Herriko prozesuari begira, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoaz mintzatu da, eta "aldebikotasun partekatua" eskatu du hiru lurralde horien eta Espainiako Estatuaren artean. Azpimarratu du Espainiako Konstituzioak berak lurralde horien “eskubide historikoak eta autogobernua" babestu eta horiek eguneratzeko aukera eskaintzen duela. Gogoratu du, besteak beste, horri buruz eztabaidatzen ari direla Eusko Legebiltzarrean osatutako lantaldean.
Kontzertu ekonomikoaz eta autogobernuaz hitz egiteko Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin "zenbait elkarrizketa eta bilera" egin dituela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, baina harreman horiek etenda daudela eta beste bilera bat egiteko eskaera egin diola.
Barne Ministerioaren eskaera
Espainiako Barne Ministerioko Segurtasun idazkari Franciso Martinezek ere hitz egin du ETAren azken agiriari buruz, RNE Espainiako irrati publikoan eginiko elkarrizketa batean. Esan du “onartezina” dela ETAk “bere irudia zuritu nahi izatea” eta “eragile politiko” bihurtu nahi izatea. Horri erantzun “sendo eta erradikala” emateko eskatu die “indar politiko demokratiko guztiei”. Martinezek uste du ETAk iraganaren “kontakizun faltsutua” ezarri nahi duela, besteak beste, nazioarteko bitartekarien bidez. “Ez dugu inor behar gure historia interpretatzeko eta ezer egiaztatzeko. Guardia Zibilarekin eta Poliziarekin nahikoa eta soberan dugu”.