Autogobernuaren eta elkarlanaren defentsa egin du Iñigo Urkulluk Urtezahar eguneko mezuan: "Euskadik aurrera egin behar du bere autogobernuan eta haren defentsan, elkarlana eta akordioak baliatuz". Bakearen eta bizikidetzaren kulturan eta suspertze ekonomikoan aurrera egiten jarraitu behar dela ere nabarmendu du; horiek izan ditu diskurtsoaren ardatz nagusiak.
Lehendakariak gogorarazi du 2016an 80 urte beteko direla Eusko Jaurlaritza sortu zenetik eta Jose Antonio Agirrek lehendakaritza hartu zuenetik, eta haren ondareak "bizirik" jarraitzen duela nabarmendu du. "Pertsonen aldeko politiketan, euskararekiko konpromisoan eta herrialdea eraikitzeko proiekuan bizi dira haren ideiak".
Krisi "sakon eta luze" baten ondoren, 2015ean ekonomia suspertzen hasi dela, eta handik ateratzeko hamarkada osoa beharko dela zehaztu du lehendakariak. "Ezer ez da berdina izango". Baina orain konfiantza gehiago dagoela, eta enplegu politiketan eta hazkunde politiketan indar egingo duela erantsi du.
Horrekin batera, elkartasunaren eta justizia sozialaren aldeko mezua eman du. "Pertsonak dira gure jardueraren ardatza". Munduko arazo nagusietako bat ere gogoan hartu du diskurtsoan, errefuxiatu eta iheslarien "drama" jatorrizko herrietan konpondu behar dela nabarmentzeko, baina Europako herrialde guztien inplikazioa beharrezko ere jo du.
Horrez gain, genero indarkeria ere gaitzetsi du Urkulluk mezuan. "Elkarbizitzak esan nahi du errespetua eta berdintasuna".
Errealitatera gerturatzeko eskariak
Oposizioko alderdiek alde askotatik kritikatu dute Jaurlaritzkao lehendakariaren Urtezaharretako mezua, baina errealitatetik urrun dauden hitzak egitea leporatu diote batez ere. EH Bilduko Dani Maezturen arabera, "Lakuak garatzen dituen politika sozial eta ekonomikoekin ez datoz bat" Urkulluren hitzak. 2016a "aldaketa sozial eta politikoaren urtea" izango dela nabarmendu du: "Gehiengo politiko eta sozial berriak artikulatu ahal izango dira". Lehendakaria, ordea, gizartetik "gero eta urrunago" sumatzen du EH Bilduk: "Euskal gizartearen gehiengo zabal batek bere erabaki politiko tea soziala erabaki nahi du, baina Urkullu gero eta gehiago aldentzen da bi ardatz horietatik". Urkulluren gobernua, aldiz, "garai historikoak eskatzen duenaren" azpitik daudela erantsi du Maeztuk.
"Anbiziorik gabeko" hitzak egitea leporatu dio, berriz, PSE-EEko Jose Antonio Pastorrek lehendakariari. Zehaztasun gutxi egin dituela eta orokorkeriak aipatu dituela erantsi du. Esan dio, gainera, sozialistek egin duten ekarpenari ez diola aitortzarik egin. PPko Nerea Llanosek, bestalde, adierazi du Urkulluk nahita ahaztu duela datu bat: "Espainiak ekonomiaren eta enpleguaren suspertze bidea hartzea lortu duenean, Euskadi eraman du atoan". Jaurlaritzak asmoak bai, baina politika gutxi dituela esan du.
UPDko Gorka Maneirok, berriz, uste du "jendearen egiazko arazoak eta Euskadik behar dituen erreformak" ahaztu egin dituela lehendakariak. "Errealitatetik kanpo dagoen pertsona baten" neurriko diskurtsoa iruditu zaio Urkullurena. Ciudadanosek ere egin du mezuaren balorazioa; Nicolas de Miguel Euskadiko bozeramaileak "fosilizatutzat" jo ditu lehendakariaren hitzak ("sermoia" deitu die). "Edukiak dituzten diskurtsoak entzun nahi ditugu herritarrok, egiaz kezkatzen gaituzten arazoez arituko direnak: langabezia, prekarietatea, klase ertainaren eta langileen estatusa berreskuratzea...".
Ezker Anitzako koordinatzaile Isabel Saludek, berriz, aurpegiratu dio edukirik gabeko mezu huts bat ematea, "orokorkeriak, intentzio onak eta zehaztasun gutxi" nahastuta. Lehendakariak justizia soziala eta berdintasuna sustatu nahi baditu, horretarako aberastasunaren banaketa eta aurrekontu gehiago behar direla erantsi du.