Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak esan du ezker abertzaleko kideek ez ditzatela txaloak jasotzea espero, "heroiak bailiran". Urkulluren arabera, atzo Donostian egindako adierazpena "zor dio" ezker abertzaleak gizarteari, "adierazpen hori eta gehiago".
"Ez daitezela gizartea engainatzen saia haiekin zor bat edukiko balu bezala, alderantziz baita", azaldu du Onda Vascari emandako elkarrizketa batean.
Atzoko adierazpena "pauso bat" da, Urkulluren arabera, baina ez "mina onartzeko eta barkamena eskatzeko eman beharreko pausoa".
Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Gobernuko Justizia ministroak azaldu du ez duela ezker abertzalearen adierazpenean aurrerapausorik ikusi, gobernua ez dela "tranpan" eroriko eta ETA desegin arte ez duela espetxe politikan-eta neurririk hartuko.
Mikel Torres PSE-EEko Antolaketa arduradunak ETAren indarkeriaren "konplizea" izatea egotzi dio ezker abertzaleari.