Nafarroaren aldarrikapena egin du gaur Iñigo Urkullu EAJko EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, Iruñean. "Garai berri baten aurrean gaude, gure etorkizuna pentsatu, etorkizun berri bat gauzatzeko. Eta gure etorkizuna zein da? Gure etorkizuna Nafarroa da eta Nafarroan dago. Gogoan dut Nafarroa Oinez festaren kanta bat: "Ze arraroa, euskararik gabe Nafarroa. Gaur berdintsu esan dezakegu: 'Ze arraroa, Nafarroarik gabe geroa'. Nafarroa da geroa eta etorkizuna. Nafarroa da lege zaharraren sena, baita geroa ere, lege berriaren hazia. Ez dago gure proiektuan Nafarroarik gabeko etorkizunik".
Baluarte jauregian egin ditu adierazpenok Urkulluk, Think Gaur Nafarroa 2020 egitasmoaren aurkezpenean. "Nafarroarentzako etorkizun berri bat da Think Gaur, proiektu partekatua, Nafarroan eta Nafarroarentzat pentsatua".
Maiatzeko udal eta foru hauteskundeak "baliatzeko" eskatu du, "[NaBairen bidez] irabazteko, eta Nafarroa eta Euskadi berri bat eraikitzeko".
Francisco Franco Espainiako diktadorea hil zela gaur 35 urte direla gogoratu du EAJko buruak, eta hura "garai berri baten hasiera" izan zela. "Herriarentzako amets bat zen", haren arabera. "Gaur, berriz, indarkeriak inor hil ez dezan amesten dugu, exijitzen dugu. Hor dugu garai berri baterako aukera, ETArik gabeko Euskadi, gure herriaren ametsa".
Duela 30 urte Euzko Alderdi Jeltzalea garai berrirako prest zegoela esan du Urkulluk. "Proposamen bat egin genion gure herriari, eta herriaren konfiantza jaso genuen. Gaur berdin".
poliTIKA
Urkullu: "Gure etorkizuna zein da? Nafarroa"
EAJko EBBko presidentea Iruñean izan da, Think Gaur Nafarroa 2020 egitasmoaren aurkezpenean. "Ez dago gure proiektuan Nafarroarik gabeko etorkizunik".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu