Politika

Urkullu gustura dago Espainiako aurrekontuen inguruan PSOErekin lortutako aurrekoardioarekin

Hala ere, hitzarmena itxi gabe dagoela eta akordioa ez gutxiesteko ohartarazi die PSE-EEko buruzagiei. Halaber, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza arloko eskumena Jaurlaritzarena soilik dela nabarmendu du. Aurreakordioaren arabera, jeltzaleek ez diete aurkeztu osoko zuzenketarik Espainiako Gobernuaren aurrekontuei, baina ez dute argitu haien aldeko boza emango duten.

Berria.info
2008ko urriaren 18a
19:09
Entzun
Gustura agertu da Iñigo Urkullu EAJko presidentea Espainiako aurrekontuen inguruan PSOErekin egin duten aurreakordioarekin. "Lehendabizikoa izan arren urrats handia eman da, eta EAJk gauzatzea espero du", adierazi du, eta akordiak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ongizatea bermatzeko balioko duela erantsi. "Euskal gizartearentzako eta garapenerako oso garrantzitsuak diren tresnak izan dira negoziazioaren oinarria; mundu globalizatu honetako erronken aurrean Euskadiri lehiatzeko gaitasuna emango diotenak".

Ildo horretatik, EAJk zorrotzago joka zezakeela onartu du Urkulluk, eta azken aldian"PSOEk, PSEk eta Espainiako Gobernuak eragindako sufrimendua" mahai gainean jarri ahal zutela. Baina jeltzaleak errealitateaz jabetzen direla eta horren arabera jokatzen dutela azpimarratu du.

Nolanahi ere, atzo hitzartutakoa aurreakordioa baino ez dela erantsi du, eta oraindik behin-betikoa ixteko dagoela. Ildo horretatik, akordioa ez gutxiesteko ohartarazi diePSE-EEko buruzagiei, Rodolfo Aresek atzo egin zituen adierazpenen ildotik. Izan ere, akordioaren oinarrietako bat, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza arloko eskumenaren transferentzia, Jaurlaritzak eta Madrilek partekatu egingo zutela adierazi zuen PSEko buruzagiak akordioa iragarri eta gutxira. I+G+b-ko eskumena Jaurlaritzari soilik dagokiola nabarmendu du Urkulluk, eta hori ez betetzekotan atzera egin dezaketela iradoki du.

Gernikako Estatutuan eskumen hori jasotzen dela argudiatuz, Eusko Jaurlaritzak behin eta berriz eskatu dio Espainiako Gobernuari I+G+b eskumena eskualdatzeko. Zientziaren eta Berrikuntzaren Espainiako ministro Cristina Garmendia aldaketa horren aurka agertu izan da orain arte. Baina, aurrekontuak direla eta, Espainiako Gobernuak malguago jokatu behar izan du. Atzo publiko egindako akordioaren arabera, onartu egin du eskumen hori partekatzea, baina ez du argitu eskumenak jasotzen dituen zer arlotan eragingo duen eskualdatze hori. Eta EAJrentzat garrantzizkoena dena, eskualdatze horren finantzaketan Kupoan zer berregokitzapen egin behar den, ez dute oraindik adostu. Egun, %6,24an dago portzentajea, baina, jeltzaleen irudiko, «gehiegizkoa» da kopuru hori.

Beste eskaerari dagokionez, enplegu politika aktiboen eskumenean ez dutela akordiorik erdietsi azaldu dute bi aldeek. Jeltzaleek galdutzat eman dezakete lehia hori, Gobernuak, CCOO eta UGTren presioaz, uste baitu «kutxa bateratua» ukiezina dela.

Bestalde, espetxe politiken eskumena -elkarrizketak hasi baino lehen jeltzaleen aldarrikapenenen artean zegoen- ez dute aipatu ere egin negoziazioetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.