"Diktadurak, indarkeriak eta terrorismoak markatu dute XX. mende guztia". Hitz horiekin gogoratu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak 1936ko gerraren hasieraren urteurrena. Lemoan (Bizkaia) gerra garaiko lubakiak berreskuratzeko lanean ari dira udako auzolandegi batean, eta hara bisita egin du gaur lehendakariak.
Auzolandegian ari diren gazteei eskerrak eman dizkie Urkulluk, iragana hobeto ezagutzen lagunduko duelakoan haiek egiten ari diren lanak: "Iragana ezagutzea beharrezkoa da pertsona eta herri bezala hazteko". Lemoako mendietan 1937an izan ziren batailak gerra hartako gertaera "krudelenetako" batzuk izan zirela seinalatu du lehendakariak.
Gerra hartan "bizikidetzaren, tolerantziaren eta errespetuaren kultura" hil zela nabarmendu du Urkulluk, eta balio horiek aldarrikatu ditu etorkizuneko bizikidetza eraikitzeko oinarri gisa.