Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuko presidenteak ostiralean jakinarazi zuen Iñigo Urkullu EAJko EBBko lehendakariak Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuari telefonoz deitu berri ziola Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondorengo egoeraz hitz egiteko, eta gaur deia baieztatu egin du Urkulluk berak. "Neuk deitu nion Zapaterori, hauteskundeak irabazi ditugula gogorarazteko", esan du EAJko buruak Radio Nacional Espainiako irrati katean.
Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza izango duten alderdiekin bilera saila hasi aurretik deitu ziola adierazi du Urkulluk. "Madrildik gauzak nola ikusten diren ere galdetu nion". PSE-EEk PSOEren agindupean funtzionatzen duela uste du EAJko buruak.
PSE-EEk ostiralean zioen Patxi Lopez sozialistak "nahikoa babes" baduela Eusko Jaurlaritzako lehendakari izateko. PPk iragarria du haren alde egingo duela inbestidura saioan. Urkulluren iritzian, baina, sozialistek haien babesa jasotzeko "ezkutuan zerbait egon behar du", gaur Radio Nacionalen esan duenez. "Espainiako Estatuko biharko eguneko hauteskunde kalkuluak egon daitezke atzean, Katalunian eta Euskadin ondorioak lituzketenak, edo hurrengo udal hauteskundeekin eta Batasunaren munduarekin harremana luketenak".
Emaitza ofizialen arabera, EAJk 30 legebiltzarkide ditu, PSE-EEk 25, PPk 13, Aralarrek 4, EAk 1, EBk 1, UPDk 1.
D3M baliogabeak, berriz, 7, bere botoak kontuan hartuko balira. Hala, alderdien eserleku banaketa hauxe litzateke: EAJk 28, PSE-EEk 23, PPk 11, D3Mk 7, Aralarrek 4, EAk 1, UPDk 1. EBk batere ez.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak
Urkullu: "Neuk deitu nion Zapaterori, hauteskundeak irabazi ditugula gogorarazteko"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu