Pandemiaren bilakaera positiboa helburu, orain arte ezarritako neurri murriztaileak «nahikoa» direla adierazi du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Neurriak zorroztearen aurka agertu da Urkullu, betiere orain indarrean daudenak «zorroztasunez» betetzen badira. Atzo egindako adierazpenen atzetik heldu dira gaurkoak ere: kezka azaldu zuen lehendakariak, kutsatzeen bilakaeran geldialdia somatu dutelako, eta orduan ere «zorrotz eta erantzukizunez» jokatzeko deia egin zuen.
«Martxoaren 5ean hartu genituen neurriak nahikoa dira, denok zorroztasunez jokatzen badugu. Bizitzak salbatzea eta norbere osasuna zaintzea da helburua», adierazi du Urkulluk Eusko Legebiltzarreko sarreran. Gehitu du etengabe ari direla aztertzen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoera epidemiologikoa: hain zuzen ere, gaur bilduko da Labi aholku batzordeko batzorde teknikoa.
Urkulluren adierazpenok atzo Jonan Fernandez Labi aholku batzordeko koordinatzaileak egindakoen aurkako bidea izan dute. Izan ere, Fernandezek «kezka» azaldu zuen egoeragatik, eta gehitu zuen ez dutela baztertzen neurriak gogortzea egoerak okerrera egingo balu.