erreakzioak

Urkullu: "Pozik gaude, helburua lortu dugulako"

Lopez: "Raxoiri esango diot elkarrekin egin heldu behar diegula erronkei, herri honetako bizikidetza demokratikoa sortzeko". Antiguedad: "Ezkerreko subiranistentzat oso-oso garrantzitsua da gaurko argazkia". Barkos: "Indar txikiok ere badakigu borrokatzen".

2011ko azaroaren 20a
09:27
Entzun

Uxue Barkos (Geroa Bai-ren zerrendaburua): "%100 zenbatu artean ez dugu nahi izan ateratzea hedabideen aurrera. Diputatu bat lortu dugu. Indar txikiok ere badakigu borrokatzen".

Mikel Arana (Ezker Anitza-IU): "IUk bederatzi diputatu gehiago lortu ditugu denera. Euskadiri dagokionez, gaurko emaitzek bosgarren esparrua egonkortu dute".

Iñaki Antiguedad (Amaiurreko Bizkaiko zerrendaburua): "Ezkerreko subiranistentzat oso-oso garrantzitsua zen gaurko argazkia, eta hor gaude: zazpi diputatu eta, gainera, lau herrialdeetan lortu dugu ordezkaritza. Gure proiektuak ez du etenik".

Patxi Lopez (Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta PSEko idazkari nagusia): "Raxoiri esango diot elkarrekin egin heldu behar diegula erronkei, herri honetako bizikidetza demokratikoa sortzeko. Bestetik, gure alderdiak ezkerreko politikei eutsi behar die berriro".

Iñigo Urkullu (EAJko EBBko presidentea): "Gure helburua Euskadin lehen indarra eta Kongresuan talde parlamentarioa lortzea zen, eta lortu dugu. Poza erakutsi egin behar dugu. Geroa Baik izandako emaitzagatik ere poza dugu, emaitza paregabea eskuratu baitu. Bestetik, berriro agerian geratu da Espainia Espainia dela eta Euskadi Euskadi dela; desberdin pentsatzen eta bozkatzen dugu Euskadin". 

Antonio Basagoiti (EAEko PPko presidentea): "Pozik gaude emaitzekin. Bi helburu genituen: 1. Espainian gehiengo osoarekin irabaztea, eta lortu dugu. 2. Euskadin PSErengana hurbiltzea, eta lortu dugu. 2008ko bozetan hiruzkoiztu egiten gintuen, eta orain parean gaude. PP izan da Amaiurren haizeteari eutsi dion bakarra".

Mariano Raxoi (PPko presidentegaia): "Espainiak azkeneko 30 urteetan izandako egoerarik zailena dugu, eta oso ondo dakit hori tokatu zaigula. Batasuna eta konpromisoa beharko ditugu. Dena emateaz gain, denekin egingo dugu lan".

Alfredo Perez Rubalcaba (PSOEko presidentegaia): "Ez ditugu emaitza onak lortu, garbi galdu dugu. Hala ere, zazpi milioi boto lortu ditugu. Hitz egin dut Mariano Raxoirekin, eta zorterik onena opa diot".

Cayo Lara (IUko presidentegaia): "Lorpen kolektiboa da IUrena. Oso kontent gaude".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.