Gasteiz aukeratu zuen EAJk larunbat iluntzeko mitin nagusirako. Araban asko dago jokoan hauteskunde hauetan, herrialdeari dagozkion lau eserlekuen banaketa estua iragartzen dutelako inkesta gehienek, jeltzaleek horien fidagarritasuna oso zalantzazkotzat jo arren. Iñigo Urkullu EAJko EBBko lehendakariak uste du galdeketa «manipulatuak» direla, eta haren alderdia «baldintzatzeko» estrategia baten barruan kokatu zituen emaitza horiek.
Bezperan emandako ideia nagusia berretsi nahi izan zuen Urkulluk: beste alderdi guztiak haien kontra egiteko bat eginda daudela. «PPk eta PSOEk ez dute Euskadirengan sinesten. Ezker abertzalearekin batera, Euskadi gelditzeko pintza egin nahi dute».
Hautagai, alderdikide eta jarraitzaileak Probintzia plazan elkartu zituen EAJk, Arabako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Orain dela hilabete gutxi arte Xabier Agirre jeltzalea zen herrialdeko ahaldun nagusia. Jende artean zegoen Agirre, baita Jose Luis Bilbao ere, Bizkaiko egungo ahaldun nagusia.
Krisi egoerari buruzko irakurketak pasarte luzeak bete zituen Urkulluren hitzaldian. Eusko Jaurlaritzaren jarduna kritikatzeko baliatu zituen Eustatek ekonomiaren garapenari buruz emandako datu txarrak. «Azken hiruhilekoan 0,0 izan da hazkundea. Bi zero. Horixe da Lopezek eta Agirrek merezi dutena, zero bana». PSEren aurkako kritikak PPri ere egotzi zizkion, eta Lopezen gobernua sostengatzeko arduratik ihes ez egitea exijitu zion Antonio Basagoiti EAEko popularren buruzagiari. «Azken bi urteotan Euskadik jasan duen gainbehera etengabekoaren erantzulea da PP». PSEren eta PPren artean ekonomia «hondamendira» daramatela ohartarazi zuen, gainera.
Alfredo Perez Rubalcaba hautagai sozialistak ostegunean Gasteizera egin zuen bisita ere hizpide izan zuen EBBko lehendakariak. Perez Rubalcabak euskal ekonomia «eredugarritzat» jo zuela azpimarratu zuen. «Egia esan du, 30 urtez eraiki dugun ereduak balio du. EAJren ereduak balio du».
«Azkar usteko asko»
Aurretik Emilio Olabarria Kongresurako Arabako zerrendaburuak eta Iñaki Gerenabarrena ABBko presidenteak hitz egin dute. Amaiur koalizioan «azkar usteko asko» daudela salatu zuten. «Arabak azkenik ordezkari abertzale bat izango duela esan zuten. Non egon dira azken 30 urteetan?», galdetu zuen Gerenabarrenak, EAJ «benetako subiranismoa» dela aldarrikatzeko.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina
Urkullu: «PSEk eta PPk ekonomia hondamendira daramate»
Espainiako alderdiak eta ezker abertzalea «Euskadi gelditzeko» ados daudela uste du jeltzaleen presidenteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu