Urkullu: «Raxoik itxi beharko ditu Aznarrek eragindako zauriak»

EAJko EBBko lehendakariak ziurtzat jo du PPk aginduko duela Espainian, azaroko bozen ondoren

Erredakzioa
Bilbo
2011ko irailaren 15a
00:00
Entzun
EAJk mahai gainean du Espainiako hurrengo gobernua PPren esku egongo den aukera. Aukera handiak ikusten dizkio Espainiako hurrengo gobernuburua Mariano Raxoi izateari. Hala izango dela pentsatuta mintzatu da Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentea Forum Europak antolatutako gosari-hitzaldian.

Alderdi Sozialista «hondatua» dago azaroko hauteskundeei begira, buruzagi jeltzalearen hitzetan. Eta, egunetik egunera, bere egoera okertzen ari da gainera. Ondorioz, Espainiako Gobernu aldaketa ia geldiezina dela uste du. PSOEk PPri boterea berreskuratzeko bidea «erraztu» diola.

Batik bat krisi ekonomikoa gainditu beharrari zuzendutako hitzaldian, Raxoik «herria krisitik ateratzeko lan zaila» izango duela esan du Urkulluk. Eta EAJ, «orain arte bezala», bide horretan laguntzeko prest egongo dela. Areago, helburu horrekin alderdi jeltzaleak PPrekiko harremanak «berreskuratu» dituela azaldu du. Raxoirekin berarekin hainbat bilera egin dituela, «batzuk publikoki ezagutu direnak, besteak ez».

Baina beste zerbait ere egin behar duela esan dio Urkulluk Raxoiri: «Jose Maria Aznarren gobernuak gehiengo osoa izan zuen garaian zabaldutako zauria irekita dute oraindik EAJk eta Euskadik», ohartarazi dio. «Euskadiri eta abertzaletasunari egindako erasoek oraindik gogoan dugun arrakala ireki zuten. Raxoik zauri horiek itxi eta sendatzeko erronka dauka».

Urkulluk adierazi duenez, Raxoiri esana dio «Euskadi, bere berezitasuna, izatea eta identitatea onartu behar dituela». Horrela, EAJk aldarrikatzen duen «akordio instituzional eta politikoa» lortu ahalko direla esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.