Hauteskundeak

Urkullu: "Sakabanaketak lagundu du ETAren indarkeria amaitzen, baina urruntzeak ez"

Otegiri "doako kanpaina" egiten ari zaizkiola salatu du EAEko lehendakariak Madrilen. "Otegik hautagai izan behar badu, izan dadila ondorio guztiekin, eta aurkez dezala proiektu bat".

Iñigo Urkullu, igandean, Bilbon. MIGUEL TOñA / EFE
2016ko martxoaren 30a
07:27
Entzun

Madrilen izan da gaur Iñigo Urkullu lehendakaria, El Mundo egunkariak antolatutako foroan parte hartzen. Bertan galdetu diote Arnaldo Otegiren lehendakaritzarako balizko hautagaitzaz eta hark erantzun du esanez komunikabideek ezker abertzaleko kideari eskaintzen dizkioten tituluekin "doako kanpaina" egiten ari zaizkiola. "Otegik hautagai izan behar badu, izan dadila ondorio guztiekin, eta aurkez dezala proiektu bat".

Hauteskundeez ez ezik, presoen auziaz ere aritu da lehendakaria, eta nabarmendu du sakabanaketak "lagundu" egin duela ETAk borroka armatua behin betiko amai dezan, ez, ordea, urruntzeak. "Akatsa da presoak beren etxeetatik 400 edo 500 kilometro baino urrunago kokatzea; izan ere, haien familiak zigortzen ari dira".

Espainiako gobernagarritasunaz ere hitz egin du Urkulluk, eta ohartarazi du politikagintza "berriarentzat" ere "porrota" litzatekeela hauteskunde orokorrak berriz egin behar izatea. "Ezin dugu etsi eta bozak aurreratu, beste biderik ez balego bezala. Hauteskundeak berriz egin behar baditugu, egingo ditugu alderdiek ez dutelako akordioak lortzeko erantzukizuna onartu, eta hori politikagintzaren porrota litzateke".

Hala, "lerro gorririk" gabe negoziatzeko deia egin die Urkulluk alderdiei, "EAJk legegintzaldi honetan egin duen moduan". EAEko lehendakariak gogorarazi du, bide batez, EAJ denekin hitz egiteko prest agertu dela, betiere mahai gainean "euskal agenda" baldin badago.

Eztabaida

Etxera etorrita, Pello Urizarrek aurrez aurre hitz egitera gonbidatu ditu Urkullu eta Arnaldo Otegi. "Interesgarria litzateke hauteskunde kanpainaren barruan halako aurrez aurreko bat ikustea", adierazi du Urizarrek. EH Bilduko legebiltzarkidea baikor agertu da Otegiren hautagaitzari buruz, eta inhabilitazioa gaindituta, lehendakaritzara aurkeztu ahal izango den itxaropena agertu du.

Espainiako gobernagarritasunaz ere hitz egin du Urizarrek, eta ohartarazi du gutxi direla "benetako aldaketa lortzeko aukerak". "Hala ere, nazionalitateak onartzen ez dituen edozein aldaketak porrot egingo du".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.