Otsailaren 6an amildu zen zabortegia, eta bi langile hartu zituen azpian. Harrezkero egiten ari dira bilaketa lanak. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ezbeharra gertatu eta handik ia astebetera joan zen aurreneko aldiz zabortegira bertara. Gaur berriro izan da zabortegian.
Koronabirusari buruzko azkeneko erabakien berri emateko prentsaurreko bat online eman eta segidan joan da lehendakaria Zaldibarrera (Bizkaia), zabortegira. Han egiten ari diren lanak ikusi ditu; aste honetan jakinarazi dute ehun bat langile ari direla zabortegian lanean.
Sololuze eta Beltran bilatzeko, jausitako zaborrak bahetzen eta ateratzen ari dira, inguruan pilatuz. Bi segurtasun biltegi eraikitzeko asmoa dute, zakar horiek biltzeko. Oraingoz ez dute langileen arrastorik aurkitu. Elena Moreno Ingurumen sailburuordeak adierazi du «intentsitate handiz» ari direla lanean.
Verterri errekerimendua
Eusko Jaurlaritzak modu subsidiarioan ekin zien zabortegia egonkortzeko eta zakarrak ateratzeko eta langileak bilatzeko lanei, Zabortegiaren jabe den enpresak —Verter Recycling 2002 SMk— adierazi eta gero ez zuela horretarako baliabiderik. Administrazioak esana du gastua enpresari pasatuko diola gero.
Gaur, Urkulluk jakinarazi du Verterri errekerimendu bat bidali diotela, administrazio publikoak hasitako lanei laguntzeko eginkizun osagarriak egiten has dadin. «Enpresak berehalako erantzun bat eman beharko dio eskari horri».
Bestela, jakinarazi dute hemendik aurrera modu telematikoan egingo dituztela zabortegiko lanak koordinatzeko bilerak.
ℹï¸Ã‚ Egonkortze eta erreskate lanek #Zaldibar-ko zabortegian jarraitzen dute.
— Ingurumena | Medioambiente (@Ingurumena_Eus) March 13, 2020
Azken egunotako giro hezean nolabaiteko tenperatura duten hondakin jakin batzuk mugitzeak ur lurruna sorraraz dezake.
Ez da suterik gertatu, ezta kutsatzaileen isurpenik ere. pic.twitter.com/5fesoWVbLS
AP-8 errepidea, itxita
Ostiral honetako gaueko hamaiketan itxi egingo dute AP-8 errepidea 71. eta 78. kilometroen artean; goizeko seietan zabalduko dute atzera. Zabortegiaren luiziak errepidea itxi zuen otsailaren 6an, eta gaur gauean konponketa batzuk egin behar dituztela jakinarazi dute. Ermua (Bizkaia) eta Azitain (Eibar, Gipuzkoa) artean desbideratuko dute zirkulazioa, N-634 errepidetik.