Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullurentzat ez zen "egokia" izan Barrura begiratzeko leihoak dokumentala Euskal Telebistan emititzea. Halaber, esan du emisioaren berri emanez EITBk bidali zuen prentsa oharra ere “okerrekoa” izan zela. Izan ere, “preso politiko” deitzen zitzaien dokumentalaren protagonista diren euskal presoei. Urkulluk gogorarazi du EITBk onartu zuela oker hori egin izana.
PSEko legebiltzarkide Mikel Unzaluri erantzunez egin ditu adierazpen horiek Eusko Legebiltzarrean, gobernuaren kontrol saioan. Unzaluk esan du dokumentalaren edukiak ezbaian jartzen duela EITBk "terrorismoa deslegimitatzeko" harturiko konpromisioa.
Urkulluk zehaztu dio ez duela bat egiten Barrurak begiratzeko leihoak lanaren ikuspuntuarekin, ezta iraganarekiko erakusten duen begirada “akritikoarekin” ere. Hala ere, “aniztasuna” defendatzen duela gehitu du, eta horrek gustuko ez diren iritziak entzuteko prest egotea dakarrela.
Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren arabera, dokumentala emititu izanak ez du zalantzan jarri behar EITBk indarkeriaren erabilpena “itzulingururik gabe” gaitzesten duela.
%5,7ko ikusle kuota
Urriaren 25ean emititu zuten dokumentala ETB2 katean; %5,7ko ikusle kuota izan zuen. PSE-EEk, PPk, UPDk eta Covite kolektiboak gogor jo zuten EITBren eta Jaurlaritzaren aurka, lanaren emanaldia dela eta. EITBko zuzendaritzak gogorarazi zuen ETBk ez zuela proiektuan parte hartu.