Kontrolerako saioa ari dira egiten uneotan Eusko Legebiltzarrean. Galderen artean bat Arantza Quiroga PPko buruak egindakoa izan da. Iñigo Urkullu lehendakariak azken boladan Sorturekin izan dituen harremanei buruz galdetu du Quirogak, eta Urkulluk argitu dio bere garaian Sorturi bakegintzan eta normalizazio politikoan aurrera egiteko igorri zion proposamen berbera lehenago erakutsi ziola Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari.
Atsekabez hartu du Urkulluk Quiroga horrelakoak galdetzen ibili beharra, eta "ezkutuan" Sorturi proposamenak bidaltzen aritu dela entzun beharra. Izan ere, Urkulluk argitu du Quirogak berak ere baduela eskuartean proposamen hori. "Jarrera horrekin horrelakoak esatera behartzen nauzu", esan dio.
Bakerako eta elkarbizitzarko lantaldearen balioa nabarmendu du berriro Urkulluk, eta bertan parte hartzera gonbidatu du berriro PP alderdia.