Politika

Urkulluk aitortu du galdeketarako legeak "ibilbide eskasa" izango duela Espainiako Gobernuak helegitea sartzen duenean

Zapateroren exekutiboak Auzitegi Konstituzionalera jotzen duen unean bertan kontsultarako egitasmoa geldituko egingo da behin-behinean. EAJko presidentearen iritziz, "jendeak benetan ez daki zer planteatzen den" herri kontsultarekin.

2008ko uztailaren 1a
13:24
Entzun
Ostiralean onartu zuten Eusko Legebiltzarrean aurtengo urriaren 25ean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan galdeketa egiteko legea, Eusko Jaurlaritzak proposatuta, baina Iñigo Urkullu EAJko presidenteak gaur Euskadi Irratian aitortu du legeak "ibilbide eskasa" izango duela Espainiako Gobernuak haren kontrako helegitea sartzen duenean. Espainiako exekutiboak hala iragarria du; legeak EAEko aldizkari ofizialean irteten duenean joko du Espainiako Auzitegi Konstituzionalera -dena dela, hiru hilabeteko epea izango du-.

Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak helegitea sartutakoan bertan galdeketarako legea automatikoki gelditu egingo da behin-behinean. Auzitegi Konstituzionalak bost hilabete edukiko ditu erabakia hartzeko. Urkulluk legea "errespetatzeko" eskatu dio Zapatero, Eusko Legebiltzarrak "zilegitasun osoz" jo zuelako ontzat. Helegitearen aurrean EAJk zer egiteko asmoa duen ez du esan buruzagi jeltzaleak.

Gehiengo soilaz onartu zuten barikuan egitasmoa: aldeko 34 boto izan zituen (EAJko 22, EAko 7, EBko 3, Aralarreko 1 eta EHAK-ko 1), kontrako 33 (PSE-EEko 18 eta PPko 15). EHAK-ko beste zazpi legebiltzarkide abstenitu egin ziren (talde horretako beste bat falta zen saioan -Maite Aranburu-, amatasunagatik).

Nahiz eta Legebiltzarrak dagoeneko eztabaidatua eta onartua duen galdeketarako egitasmoa, "jendeak benetan ez daki zer planteatzen den". Gizartean, sinadura bilketak-eta egiten hasi aurretik, "pedagogia" egitearen aldekoa da EAJko presidentea.

Jaurlaritzak Gernikako Estatutuaren 29. urtemugan egin nahi du bozketa, larunbatarekin. "Ia 30 urte pasatu dira estatutua onartu zenetik, eta bete gabe jarraitzen du", salatu zuen ostiralean Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak, Espainiako Gobernuak eskumenak eman gabe segitzen duela-eta. "Egoera desblokatu egin nahi dugu, bakea eta normalizazio politikoa lortzeko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.