Urkulluk gutunean jakinarazi duenez, «irakurketa kritikoa» eskatu die presoei: «Ez da onargarria exijentziak eta salaketak egitea gainerako guztiei, eta norberaren ardurapekoak diren pausoak ez ematea». Urkulluren hitzetan, «ekarpen anitzak» behar dira espetxe politika aldatzeko. Horra EPPK-ko presoei bidaltzen hasi den eskutitzetako zati bat: «Harrigarria da hori [autokritika] aipatu ere ez egitea zure gutunean. Are harrigarriagoa da zuk eta zu bezala preso direnen ingurune politikoak irakurketa kritikorik egin gabe jarraitzea ETAk eragindako giza eskubideen urratzeen inguruan, horrek espetxe politika aldatzeko eragin zuzena izango lukeela jakinda».
Urkulluri ez ezik, EAJren EBBko buru Andoni Ortuzarri eta Nafarroako lehendakari Uxue Barkosi ere ari dira gutunak bidaltzen EPPK-ko kideak, pertsonalki. Hausnarketa prozesuan da kolektiboa, eta «uda parterako» iragarri dituzte ondorioak.
Urkulluren gutunen berri izan orduko, Sortuk oroitarazi zuen ezker abertzaleak egin zuela autokritika bat 2012an, Donostiako Kursaaleko ekitaldian: «Ezker abertzaleari alde bateko biktimekiko erakutsitako sentsibilizazioa falta izan zaio beste aldeko biktimekiko». 2013an, berriz, «eragindako alde anitzeko sufrimendua eta mina zinez aitortu» eta «erantzukizun osoa» bere gain hartu zuen EPPK-k. Hala, «sakabanaketa EAJk sustatu eta babestu» zuela salatu zuen atzo Sortuk, ohar bidez: «Adierazpen hutsalez eta exijentzia alderdikoiez harago, bakoitzak bere gain hartu behar ditu ardurak bakea eta bizikidetza sendotzeko. Lehendakari batek ikuspegi horrekin jokatu beharko luke».