konponbideari begira

Urkulluk bakearen eta normalizazioaren kudeaketa partekatua eskaini dio Raxoiri

EAJko EBBko lehendakaria eta Espainiako presidentea bi orduz batzartu dira Moncloan.

2012ko urtarrilaren 31
18:41
Entzun

Pare bat orduko bilera egin dute gaur Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidenteak eta Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak Madrilen, Moncloa jauregian, eta ondoren Urkulluk adierazi du bakearen eta normalizazioaren kudeaketa elkarrekin egiteko eskaini diola hari. Krisi ekonomikoaren gestioa ere batera egiteko proposamena egin dio.

"Horrek ez du esan nahi EAJ PPren bazkidea izango denik", esan du Urkulluk, baina erantsi du "sakrifizio garai hau" alderdi politikoek ere kontuan hartu behar dutela lankidetzan aritzeko. "Badakit zer jarrera duen PPk, baina Raxoik kudeatuko duen itxaropena dut". 

EAJko buruak aitortu du besteak beste espetxe politikaz mintzatu direla, eta gustura geratu da Raxoiren harrerarekin. Presoen senideak ez "zigortzeko" eta Espainiako Konstituzioak dioen bergizarteratzea ezartzeko eskatu dio.

Alderdi jeltzaleak 2015erako EAEko Estatutu berria nahi duela ere esan dio, baina Urkulluk argitu du ez dutela Eskoziako kasuaz hitz egin.

Raxoi Espainiako gobernuburu denetik bien arteko lehen bilera izan da.

EAJren abstentzioa Kongresuan

Espainiako gobernuburua hautatzeko inbestidura saioan abstentzioaren alde egin zuen EAJk Espainiako Kongresuan. Orduko hartan Josu Erkoreka EAJko diputatuak nabarmendu zuen Raxoik bake prozesuaren inguruan hitz egiteko azaldu zuen prestutasuna. Horrekin batera, ekonomia eta industria arloan akordioak lortzeko prest agertu zen Erkoreka.

Azaroaren 20ko hauteskunde egunaren ondoren, eta Raxoi presidente izan aurretik, bilera egin zuten Urkulluk eta Raxoik, eta "hitz egiteko prest" zeudela adierazi zioten elkarri.


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.