Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidentea eta Mariano Raxoi Espainiako gobernuburua bi orduz bilduta izan dira gaur Madrilen, Moncloan, eta Urkulluk "bakegintza sustatzeko pausoak" emateko eskatu dio, hedabideen aurrean esan duenez. "ETAk jarduera armatua bukatu zuenetik aro desberdin bat bizitzen ari gara, eta uste dut gobernuak pausoak ematen segituko duela".
Hala ere, EAJko buruak ez du jakinarazi zer proposamen zehatz egin dizkion Raxoiri. Halaber, ez du esan Espainiako gobernuburuak zer erantzun dion, baina baikor azaldu da.
"Euskadin bakea izateko aro hau baliatu beharra dagoela esan diot. Leialtasuna eta diskrezioa eskaini dizkiot. Bakeari aukera bat eman behar zaio", adierazi du. "Elkarrekin gainditu dezakegu terrorismoaren orri hau, legedia eskuan izanda. Beharrezko ikusten dugu ETAren indarkeriaren bukaera eta baikortasunez ikusten ditugu denek politika egiteko aukera izango duten hauteskunde autonomikoak".
Urkulluk, dena dela, esan du bakea izateko erantzule nagusia ETA dela, "indarkeria erabili" duelako. ETAk iazko urriaren 20an iragarri zuen betiko bukatu duela jarduera armatua.
Krisiaz ere mintzatu dira. EAJko presidenteak politika ekonomikoa adosteko bere alderdiaren leialtasuna eskaini dio gobernuari, baina baldintza gisa jarrita zerbitzu publikoen defentsa.
Aresen ustez, Urkullu akordio bila Madrilera joaten da
Rodolfo Ares (PSE-EE) Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak Urkulluri leporatu dio akordioak bilatzera Madrilera joaten dela eta "Euskadin" hitzarmenak lortzeko borondaterik ez daukala. "Patxi Lopez denetik lehendakari, Urkulluk Jaurlaritzaren aurkako jokabidea izan du", esan du.
Hala ere, Aresek adierazi du Jaurlaritzaren 2013ko aurrekontuei buruz EAJrekin hitz egiteko prest dagoela PSE.
Aralarrek dio herrien arteko akordioak direla garrantzitsuenak, ez alderdien artekoak
Aralarrek uste du "Urkulluk alderdien arteko akordioak herrien arteko akordioekin nahasten" dituela, eta "garrantzitsuenak" herrien artekoak direla. Aralarren arabera, EAJko burua gaur planteamendu horrekin joan da Raxoirengana, eta lehen halaxe joaten zen Jose Luis Rodriguez Zapaterorengana. "Euskal Herrian akordioak erdiesteko ahalegina egin behar da".