Politika

Urkulluk batasuna eskatu du legealdi berriaren hasieran

Eusko Jaurlaritzak gaur hasi du, ofizialki, legealdi berria. Goizean hartu dituzte karguak 11 sailburuek.

Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta sailburuak, gaur, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
2020ko irailaren 8a
09:39
Entzun

«Ekonomia berpiztu eta oinarrizko zerbitzuak bermatu ahal izateko batasuna». Horixe eskatu du gaur goizean Iñigo Urkullu lehendakariak, bere hirugarren agintaldiari ofizialki hasiera eman dioen ekitaldian. Hartu dute kargua gobernuko 11 sailburuek. Lehen gobernu kontseilua egin dute gero, eta zera izan dute eguneko gai nagusia: koronabirusak eragindako krisiaren ondoren, ekonomia suspertzea.

Urkulluk gidatu du saioa, eta sailburuek Gernikako Estatutuaren ale baten gainean egin dute karguaren zina. Datozen urteak ez direla errazak izango aitortu du lehendakariak, baina nabarmendu du une honetan badutela izango dituzten zailtasunen berri: «Argi dugu helburuak zein diren; baldintzak gogorrak diren arren, baikorrak gara». Gizartearen eta erakundeen arteko elkarlana eskatu du.

Banaka joan dira Eusko Jaurlaritza osatzen duten EAJko zortzi sailburuak eta PSE-EEko hirurak. Gobernuak bi lehendakariorde izango ditu: Josu Erkoreka jeltzalea, Segurtasun sailburua, eta Idoia Mendia sozialista, Lan eta Enplegu sailburua. Erkoreka, gainera, estatutuko eskumenak eskualdatzeko batzordearen burua ere izango da. Lehen Erkorekak zuen bozeramaile kargua, berriz, Bingen Zupiriak hartuko du.

Bi horiek ez ezik, kargua hartuko dute gaur Bingen Zupiria gobernuko bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak; Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak; Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak; Olatz Garamendi Gobernantza eta Autogobernu sailburuak; Gotzone Sagardui Osasun sailburuak; Arantxa Tapia Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak; Javier Hurtado Turismo, Komertzio eta Kontsumo sailburuak; Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak; eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika sailburuak.

Aurreko gobernuan egon diren sei sailburu daude: Azpiazu, Arriola, Artolazabal, Erkoreka, Tapia eta Zupiria; eta bost berri: Bildarratz, Garamendi, Hurtado, Mendia eta Sagardui. Haiek ordezkatuko dituzte Estefania Beltran de Heredia (Segurtasuna), Nekane Murga (Osasuna), Sonia Perez (Turismoa, Komertzioa eta Kontsumoa), Maria Jesus San Jose (Lana eta Justizia) eta Cristina Uriarte (Hezkuntza).

Aldaketak hezkuntza eta osasun sailetan

Azken legealdian, Hezkuntza eta Osasun sailak izan dira gatazkatsuenak, eta bi sail horietan egin ditu aldaketak Urkulluk, sailburuak aldatuta: Jokin Bildarratzek hartu du Cristina Uriarteren tokia Hezkuntzan, eta Gotzone Sagarduik Nekane Murgarena Osasun Sailean.

Joan den legealdian, hezkuntza legerako proiekturik ez zuen aurkeztu azkenean Uriartek, eta hainbat lan gatazka kudeatu behar izan ditu. Gainera, ikasturte berriaren atarian, harremana tenkatuta amaitu du hezkuntza eragileekin eta sindikatuekin. Izatez, haren ordezkoak, Jokin Bildarratzek, hezkuntza greba bat izango du aurrean kargua hartu eta astebetera. Bildarratz EAJko senatari izan da azken zortzi urteetan, baina badu eskarmentua hezkuntza alorrean. Irakasletzako diplomaduna da, eta Tolosako alkate izan aurretik ikastolako irakaslea izan zen.

Murgari ere garai zaila kudeatzea egokitu zaio. Legegintzaldi erdian hartu zuen kargua, Osakidetzako lan eskaintza publikoan izandako filtrazioen ondorioz Jon Darponek dimititu eta gero, eta pandemiari aurre egin behar izan dio. Kritika asko jaso ditu, besteak beste, komunikazio gaitasunarekin lotuta, baina segitzeko prest agertu zen duela egun gutxi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.